Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen mahaiak astelehen honetan finkatuko ditu ikerketa batzordearen funtzionamenduaren arauak. Litekeena da asteartean bertan batzordea osatzea eta lehenengo agerraldiak eskatzen hastea.
Joan den astean Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak salatu zuen Lourdes Goicoechea Nafarroako Ekonomia kontseilariak bere bezeroei zerga inspekzioa egitea galarazi nahi izan ziela. Ondoren, alderdi guztiek botoa eman zuten ikerketa batzordea sortzeko, UPNk barne.
Batzordearen egutegia finkatu beharko dute legebiltzarreko taldeek. Hamabost eguneko epea edukiko dute emaitzak azalerazteko, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak Yolanda Barcina presidenteari epe hori eman baitio dimisioa aurkezteko.
Nafarroako kontuen egoera ikertzea da komisioaren helburu nagusia. 2011. urtetik kontuen bilakaera zein izan den ikertuko dute.
Geroa Baik, PSNk eta PPNk Tafallako gertakariak gaitzetsi dituzte
Larunbatean Tafallan UPNk deitutako ekitaldian sortutako gertakizunak gaitzetsi dituzte Geroa Bai, PSN eta PPN talde politikoek. Ekitaldia hasi aurretik hainbat herritar azkenaldian gertatutako “ustelkeria” kasuengatik kexatu ziren. Manu Ayerdi Geroa bairen parlamentariaren esanetan, “bizikidetza baketsua lortzeko hau ez da bidea”. Gertakariak Nafarroan hain beharrezkoa den kohesio sozialari laguntzen ez diola azaldu du. “Nafarroako hiritarrei etorkizun hobeagoa eraikitzeko gai garela erakusteko garaia da”.
Tafallako ekitaldiko irudiak