Euskararen Legearen erreformaren inguruko eztabaida otsailaren 19ko osoko bilkurara arte atzeratu du Nafarroako Parlamentuak, Maria Victoria Arraiza parlamentariaren ordezkoak kargua hartzeko denbora izan dezan.
Astearteko bilkuran egin behar zuten eztabaida baina PSNk atzeratzea eskatu du, parlamentari sozialista guztiek parte hartu ahal izateko.
Gainerako parlamentariak ados azaldu dira, EITBk argitaratu duenez.
Nafarroako Parlamentuan gehiengoak onartu du euskarazko irakaskuntza eremu ez-euskaldunean, sare publikoan, emateko aukera. Proposamena PSN, Ezkerra eta Geroa Bairena izan zen eta Bildu eta Aralar-NaBaik baiezkoa eman zuten.
Dena den, PSNk UPNren laguntzarekin aldaketa bat sartu du legean, eta horren arabera, Nafarroako gobernuak erregelamendu bat egin beharko du D ereduko ikasgela abian jartzeko behar den ikasle kopurua zehazteko.
Euskararen lege erreforma 2015-2016 ikasturtean abian jartzea aurreikusten zen, hala ere, posible da osoko bilkuraren atzerapena dela eta, datorren urtean ez ezartzea.