argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Euskararen Legea alda dezakeen batzordea eratu du Parlamentuak
  • 1986tik indarrean dagoen Euskararen Legea aldatzea aztertuko duen batzordea sortu du Nafarroako Parlamentuak. EH Bilduk proposatu du, eta Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren babesa lortu du. Kontra azaldu dira UPN, PSN eta PP.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko otsailaren 20a
Euskararen aldeko manifestazio bat Nafarroan (Art: EiTB)

Egungo Nafarroako Euskararen Legeak zonifikazioa ahalbidetzen du, eta eskubideak zatitu. Hori aldatzeko lehen urratsa eman du Nafarroako parlamentuak: 2017ko urrian batzordea sortu zedila eskatu zuen EH Bilduk, eta astelehenean eratu dute gobernuko lau taldeek.

Egun indarrean dagoen legea aztertuko du batzordeak, gero lege proposamen bat egiteko. EH Bilduko Adolfo Araizek esan du hiru ardatz izango dituela proposamenak: “Egungo errealitate soziolinguistikotik abiatzea, zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea”. Hala ere, lehen pausoa legea aldatu behar den edo ez erabakitzea izango dela argitu du Araizek.

Geroa Baiko Koldo Martinezek iritzi du zonifikazioa aldatzea baino garrantzitsuagoa dela administrazioan “berezko bi hizkuntzetan” hitz egiteko eskubidea bermatzea.

UPNk, bere aldetik, lauko gobernuak hizkuntza eskubideen arloan egindako urrats guztien aurka egingo duela iragarri du. “Euskararen inposizioari” aurre egingo diotela esan du Javier Esparza parlamentariak.