argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako euskararen lege berri bat egiteko Batuz Aldatu dinamika aurkeztu du Kontseiluak
  • Azpimarratu dute “berdintasuna oinarri” izan behar duela legeak, eta adostasun soziala lantzeko konpromisoa hartu dute.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 15a
Nafarroako euskararen legearen 35. urteurren ekitaldia egin dute. / Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Iruñeko Plazara! gunean ekitaldia egin dute astearte honetan euskararen legearen 35. urteurrenaren harira. Euskalgintzaren Kontseiluak deitu du bertara, baina Paul Bilbao idazkari nagusiak azpimarratu du ez direla joan “ezer ospatzera”, baizik eta salatzera egungo legearen bidez Nafarroako herritarrei hizkuntza-eskubideak desberdin aitortzen zaizkiela, bizi diren herriaren arabera. “Bereizkeria” horri aterabidea emateko euskararen lege berri bat osatzera deitu dute.

Ekitaldian Batuz Aldatu. Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala dinamika aurkeztu dute, besteak beste, lege berriko edukien oinarriak zehazteko balioko duena. Dinamikak eragile anitzen ekarpenak jasotzen ditu, Nafarroako lurralde guztietakoak; beraz, Kontseiluak konpromisoa hartu du guztien arteko adostasuna lantzeko, berdintasuna oinarri hartuta. Antolatzaileek gogorarazi dute lege berriak helburu izan behar dituela “ezagutzaren unibertsalizazioa” eta “euskararen erabilera erosorako espazioak bultzatzea”.

Aurkakotasun eraikitzailea

Urteurrena probestuz, Euskalgintzako Kontseiluak orain arte legearen aurka egindako bidea akordura ekarri du. 35 urtetan hamaika ekimen antolatu dituzte, euskararen aldeko aldarria egiteko, betiere. Gainera, azpimarratu dute aurkakotasun hori “modu eraikitzailean” egin dutela, Nafarroako “eremu diskriminatuan” garatutako proiektuen bidez, azken urteko Agerraldia ekimenaren bidez eta Hordago dinamikaren bidez.

Bideo honetan bildu ditu Ahotsa.info atariak ekitaldiko irudiak: