argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Euskararen II. Plan Estrategikoa partekatzeari ekingo dio Euskarabideak
  • Euskarabidea dagoeneko lanean ari da Euskararen II. Plan Estrategikoarekin (2020-2027) eta datorren fasean berau osatzeko lanari ekingo dio Nafarroako euskal munduko gizarte eragileekin batera. Datorren asteartean, hilaren 26an, hasiko dira lehen bilerak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urtarrilaren 22a
Ana Ollo eta Mikel Arregi martxoan egin zuten I. Plan Estrategikoaren balorazioan. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Joan den martxoan Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak 2016-2020 Euskararen I. Plan Estrategikoaren ebaluaziotik ateratako ondorio nagusiak aurkeztu zituzten. Orduan iragarri zuten bigarren plan honen oinarrizko zirriborroa amaituta egongo zela urte amaierarako. Orain, moldatze faseari ekingo diote.

Siadeco ari da zuzentzen partehartze prozesua eta partehartzaileek sei lantaldetan egingo dute lan, honako egutegiarekin: urtarrilaren 26a (euskararen gizarte erabilera), urtarrilaren 27an (euskarazko hiztun berriak), urtarrilaren 28an (euskara zerbitzu publikoetan), otsailaren 1ean (euskararen prestigioa eta erakargarritasuna), otsailaren 2an (euskara, ekonomia eragile) eta otsailaren 3an (euskara hiriburuan). Martxoaren erdialdera egingo dute lan taldeen bigarren txanda.

Lehenengo plan estrategikoaren martxoko baloraziotik hainbat datu positibo mahaigaineratu zituzten Ollok eta Arregik, honakoak besteak beste: “2016tik 2019ra gora egin du euskaraz ondo dakiten 16 urtetik gorako nafarren kopuruak, 2016an 69.000 ziren, eta 2019an, berriz, 76.000. Gainera, euskara ikasten ari ziren nafar helduak 4.868 ziren 2015-2016 ikasturtean eta 5.213 izan dira 2019an. Gainera, Euskarabidearen aurrekontua 4,2 milioi eurokoa izatetik 7,3 milioi eurokoa izatera igaro da lau urtean”.

Martxoko balorazio haren laburpena ikusi nahi duenak Euskalerria Irratiaren lotura honetan egin dezake.