argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako euskararen dekretua aldatzea eskatzeko kanpaina abiatu du Kontseiluak
  • Nafarroako Gobernuak administrazio publikoko lanpostuetan hizkuntza irizpideak zehazteko egindako dekretuaren zirriborroa aldatzea eskatu eta "nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko" kanpaina jarri du abian Euskalgintzaren Kontseiluak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 10
Euskaraz bizitzearen aldeko manifestazioa Iruñean, joan den uztailean (argazkia: Kontseilua)

Urtarrilean Maria Chiviteren gobernuak aurkeztutako euskararen dekretuaren zirriborroa, administrazio publikoko lanpostuetan hizkuntza irizpideak zehazten dituen araua, "atzerapauso onartezintzat" baloratu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Hala, dekretu hori aldatu eta herritar "guztien" hizkuntza eskubideak berma daitezen eskatzeko kanpaina abiatu du orain, datozen hilabeteetan luzatuko dena Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean.

Kontseiluaren arabera zirriborroak aurrera eginez gero "ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea". Adibide batzuk eman ditu hori ikusarazteko: "Jendaurreko lanpostuetan lehen baino gutxiago baloratuko da euskararen ezagutza, %20tik %10era murriztuz, auzitegiek kontrakoa onartu zuten arren".

Beste adibide bat: eremu mistoan administrazio publikoetako lanpostuetan euskararen ezagutzaren balorazioa erabat desagertzen da: lehen %3 zen, orain "ezertxo ere ez". Areago, zenbait kasutan –eremu ez euskaldunean kasu guztietan– atzerriko hizkuntzak jakiteagatik puntuak lortuko dituzte lanposturako hautagaiek, baina euskara jakiteagatik ezer ere ez.

Kontseilua "konbentzituta" dago dekretua aldatu daitekeela eta kanpainaren bidez herritarrek dituzten eskubideak eta ongizatea gizarteratu nahi ditu lehenik. Eragile sindikal eta sozialekin bilduko dela iragarri du eta aztertzen ari da mobilizazio bat ere antolatzea bere aldarrikapenak kalera eramateko.

Alesbesen euskarazko kartelak zentsuratu dituztela salatu dute

Alesbesko Udalak (Navarra Suma) euskaraz eta gaztelaniaz zeuden kartel batzuk "zentsuratu" dituela salatu du Udaleko Emakume eta Berdintasun saila daraman Ezkerreko Alderdi Independenteak. Azaldu duenez, alkateak jakinarazi die ezin dituztela kartelak elebitan egin Udalaren izenean, "Alesbes eremu ez euskaldunean dagoelako".

Alderdi horren esanetan, legeak ez die derrigortzen kartelak euskaraz jartzera, baina "ez dago hori eragozten duen ezer ere". Hala, "autoritarismoaren eta euskararen kontrako gorrotoaren beste erakustadi baten aurrean" gaudela salatu du.