argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako euskara zerbitzuak diru-laguntzarik gabe utzi ditu Euskarabideak
  • Nafarroako euskara zerbitzua duten mankomunitateek eta udalek salatu dute aurten Nafarroako Gobernuko Euskarabideak ez diela dirurik emango. Horren aurrean, “hizkuntza politika egokia” aldarrikatu dute.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 24a
Euskararen Nafarroako Institutua da Euskarabidea. (Arg: Euskarabidea)

2013ko aurrekontuetan azaltzen da euskara zerbitzuentzuei bideratzeko diru kopuru jakin bat. Yolanda Barcinaren Gobernuak, baina, ez ematea erabaki du.

Bart eskainitako prentsaurrekoan egoera kritikatu dute hainbat alkatek eta mankomunitateko ordezkarik. Hizkuntza normalizazioan “aurrera” egin ahal izateko neurri eraginkorrak eskatu dizkiote Exekutiboari.

Sakanako Euskara Mankomunitateko ordezkari Maite Aldazek euskararen kontrako eraso bezala identifikatu du gertatutakoa: “Lehenbizi euskal hedabideak utzi zituzten laguntzarik gabe; gero, euskaltegiak; eta orain guri egokitu zaigu”.

Lehiakortasuna bultzatzen

Jakinarazi dutenez, lehiaketa publikoaren bidez egin ditu Gobernuak azken bi urtetan diru-esleipenak. Aurten, ordea, ez du lehiaketa deitu ere egin.

Gainera, dirua kudeatzeko era hori ez da eraginkorrena euskara zerbitzuetako kudeatzaileen arabera; orain bi urte Gobernuak hitzarmenen bidez banatzen zien dirua. Zerbitzuetako ordezkariak “lehiakortasunetik gabeko” sistema baten alde daude.

Gauzak horrela, Hezkuntza Departamenduko buru Jose Iribasekin biltzen saiatu dira, baina oraindik ez die datarik eman.