Gobernuaren plan proposamenari 67 zuzenketa egin dizkiote. Kritikatu dute araugintzaren bidean ez dela aldaketarik planteatu eta horrek “eskubide urraketen betikotzea” dakarrela.
Asteazkenean erregistratu dituzte ekarpenak Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren proposamena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, baina “ausardia” falta zaiola kritikatu dute bi erakundeek, eta 67 zuzenketa egin dizkiote.
Gogorarazi dute hizkuntza-politika hiru zutabetan oinarritzen dela: araugintza, plangintza eta baliabideak. Bada, azpimarratu dute araugintzan ez dela aldaketarik planteatu, areago, “atzerapausoak” egon direla esan dute. Horrek “eskubideen urraketen betikotzea” dakarrela iritzita, “bidegabekeria” horiei aurre egiteko neurri berriak mahaigaineratu dituzte.
Halaber, bi gogoeta jaso dituzte ekarpenen dokumentuan. Esaterako, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazi du eskubideen definizioa ezin dela “momentuko adostasunaren arabera” aldatu: “Egun, hizkuntza-eskubideak modu orokorrean eta esparruka zein diren definituta daude jada, eta ez dago balizko adostasunaren bidetik eskubide horiek mugatzerik”. Eskubide horien inguruko “lanketa pedagogiko integrala” egitea eskatu dute.
Zehaztasun falta
Planari aurkeztutako neurriei dagokienez, zuzenketa nagusia izan da “zehaztasuna” behar duela, eta Gobernuari eskatu diote “anbizioz” jokatzeko eta hizkuntza-politiketan jauzi bat emateko. Edukiaren aditzak aldatzea planteatu dute: "aztertu" edo "lagundu" hitzen ordez, "bermatu", "egin" edo "burutu". Bestalde, aurreko planean aurreikusten ziren neurri batzuk berreskuratu dituzte, oraindik ez direlako bete; hizkuntza-klausulei, kontratazioei eta diru-laguntzen irizpideei buruzkoak dira.