Nafarroako Gobernuak eta estatuek hizkuntza politikan duten esku hartzea salatu dute Nafarroako euskalgintzako eragileek. Era berean, larunbatean Donostian izango den manifestaziorako deialdia luzatu dute.
Nafarroako Gobernuak berriki Baztango Udalak egindako euskara planari helegitea jarri dio. “Argi daukagu Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak nora garamatzan. Barcinaren gobernuak euskara desagerrarazi nahi du, baina ez diogu utziko”, adierazi dute eragileek.
“Euskara normalizatzeko neurri politikoak hartu behar dira. Administrazio batzuk dagoeneko egiten dabiltza” gehitu dute, Baztango Udalaren kasua aipatuz. “Gainerakoei berdina egin dezaten eskatu nahi diegu”.
Datorren larunbatean, otsailak 28, Kontseiluak manifestazioa deitu du Donostian euskararen aurkako jarrera eta egoerak salatzeko. Horren harira, Nafarroako euskaltzaleei bertaratzeko gonbita luzatu die: “Euskaraz bizi nahi dugunok oztopo guztien gainetik euskaraz biziko garela aldarrikatuko dugu”.