argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako etxegabetzeen diagnostikoa aurkeztu dute
  • Datu ofizialen “hutsuneei” aurre egin eta etxebizitza arazoaren benetako dimentsioa ezagutu asmoz, Nafarroako etxegabetzeen diagnostikoa egin du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, etxegabetzeen aurkako sarea sortu eta gutxira.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 24a
Duela hainbat urte, Orkoiengo bizilagun baten etxe-kaleratzea gelditzea lortu zutenekoa (argazkia: Ekinklik)

2021ean 247 kaleratze exekutatu ziren Nafarroan, baina datu ofizialetan hutsuneak salatu ditu Kontseilu Sozialistak: “Etxegabetze ikusezinak eta estrajudizialak ez dituzte kontuan hartzen, ezta okupazio kasuekin lotutakoak ere”. Alokairuagatik etxegabetuak dira protagonistak, baina hain justu alokairuari lotutakoak “arazo ahaztuak” direla gogoratu du taldeak eta ez dutela hipoteka-betearazpenekin lotutako etxegabetzeek duten jarraipen mediatikoa. Edonola, kaleratze datuen atzean dagoen errealitate gordina nabarmendu nahi izan dute.

Egungo testuingurua

Erosteko ahalmena jaitsi da, inflazioa igo da eta etxebizitzaren gastuei aurre egin ahal izatea gero eta zailagoa da, “etxegabetze bat izateko arriskua areagotuz”. Nafarroako datuak kezkagarriak direla diote: “Alokairuaren prezioa %40 inguru igo da azken bost urteotan; etxebizitzen salerosketa-prezioa %2,8 igo zen 2021ean, eta zazpi urtez jarraian egin du gora; 30 urtetik beherakoen %13,8 baino ez da emantzipatuta bizi…”.

Arazoa zabalago ulertu behar dela uste du Kontseilu Sozialistak eta behar bezalako etxebizitza bat ezin izatearen etengabeko mehatxua errealitate bat dela gure gizarte kapitalistan. “Benetan doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den etxebizitza” bermatzea proposatu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, hainbat gogoetan jasotzen dituen diagnostikoan.