Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eten du Nafarroako Parlamentuak etxebizitzaren alde ekainean onartutako 24/2013 legea. Espainiako Exekutiboak urrian aurkeztu zuen legearen kontrako helegitea; izan ere, haren ustetan, etxebizitza eskubidea Madrilen eskumena da, eta ez tokian tokiko administrazioena.
Orain, Konstituzionalak tramitera onartu du helegitea. Ondorioz, Nafarroak bi aste edukiko ditu etxebizitza haren eskumena ere badela defendatu, eta, beraz, legeak balioa duela aldarrikatzeko. Auzitegi Konstituzionalak, aldiz, bost hilabeteko epea dauka, behin betiko erabakia hartzeko. Auzia irekita egon bitartean, legea ez da indarrean egongo.
“Kaleratzeen kontrako legea” izendatu zuten alderdi bultzatzaileek –Bildu, Geroa Bai, I-E, Aralar-NaBai eta PSN–. Finean, etxegabetze-aginduen aurrean jokatzeko irizpideak eta bizitoki hutsekin zer egin finkatzen du.
Hiru arlo nagusi arautzen ditu: lehenik eta behin, bankuei bahitzen dizkie kaleratze arriskuan dauden familien etxeak, eta etxekoek bertan bizitzen jarraitzeko hiru urteko epea dutela ziurtatzen du; bigarrenik, denbora tarte horretan ordaindu beharreko alokairua familiaren errentaren %25 izango dela zehazten du; hirugarrenik, hutsik dauden bizilekuen errolda egin, eta hiri-zergak igotzen dizkie jabeei.
Nafarroako PPk eta UPNk legearen kontra bozkatu zuten. Horregatik, Madriletik ari da PP orain baliogabetu nahian. Espainiako Gobernuaren ustetan, herritarrak “diskriminatu” egiten ditu, bankuei etxebitzak bahitzerakoan.
Nafarroako PAH, legearekin arduratuta
Nafarroako etxebizitzaren aldeko legea “ona” dela aldarrikatu du PAHk. Hala ere, Nafarroako Gobernuari legea “ipurdia garbitzeko” erabiltzea leporatu dio; praktikan ez jartzea, alegia.
Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea onartzea kritikatu du Plataformak: “Bankuak inporta zaizkie, ez pertsonak”.
Azaroan, mobilizazioak deitu ditu 24/2013 legearen egoera salatzeko. 21ean, elkarretaratzeak antolatu ditu bankuen aurrean eta 30ean “etxebizitzaren aldeko festa” ospatuko du. Gainera, bi pisu okupatu ditu Sanduzelain, premian dauden familiei laguntzeko, eta etxebizitza politika “hobea” aldarrikatzeko.