argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako esne-ekoizle txikiak: “Janari merkearen garaia bukatu da”
  • Nafarroako esne-ekoizle talde batek esnea bota du lurrera Iruñeko Baluarteko plazan asteazken goizean. Esnearen salmenta prezioen etengabeko beherakada salatu dute eta igoera aldarrikatu.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
Abeltzainak Iruñeko Baluarteko plazan (Argazkia: EHNE)

EHNE nekazari sindikatua ere egon da mobilizazioan eta erredakziora bidalitako oharrean azaldu du zein egoera bizi duten esne ekoizleek: “Duela astebete lehen sektoreko foro batean esaten ziguten kontsumitzailearengana hurbildu behar genuela, eta horixe egingo dugu gaur, elikatze-kateak nola funtzionatzen duen azalduko dugu”.

“Abeltzainak esnea ekoizten du. Kamioilari batek ontziratze-enpresara eramaten du eta enpresa ontziratzaileak esne osoa, erdi-gaingabetua, jogurtak eta abar egiten ditu horiekin. Esne berarekin, enpresak marka zuriko esnea eta markako esnea ontziratzen ditu. Garraiolariek denda eta saltoki handietan jartzen dute. Eta kontsumitzaileak esnea erosten du.

Kontsumitzaileak euro bat ordaintzen du litro bat esnearen truke, edo 0,69 zentimo marka zuriko esne litroaren truke. Saltoki handiek enpresei jartzen diete prezioa. Eta saltoki handiek esaten diete enpresei zenbat zentimo igo behar zaien abeltzainei. Bestalde, enpresek kalitateen araberako prezioa ezartzen diete abeltzainei. Egiten duten produktuari preziorik jartzen ez dioten sektore bakanetakoak izango gara”.

Azaldu dutenez, kontsumitzaileen dirua azalera handian geratzen da: “Azalera handiek itotzen dute lehen sektorea. Argi dute zein den haien erronka: biziraupena. Pentsuaren prezioaren gorakadarekin sektorea itotzen ari direla salatu du EHNEk, baina baita argiaren, gasolioaren eta gainerako salgaien igoerarekin ere. “Esnetarako abeltzaintza-ustiategiak etengabe ixten ari gara, eta hori areagotu egingo da datozen hilabeteetan. Ez gara telebistan aterako, banan-banan joango garelako. Ez da izango 50 pertsonako enpresa bat bat-batean ixtea bezala. Orduan eskuak burura eramaten ditugu”. Honen guztiaren ondorioz, azaldu dute, "low cost elikagaiak bukatu dira".

Ukrainako gerra eta aberasten ari direnak

Abeltzainek argi dute Ukrainako gerrak baduela zerikusirik prezioen garestitzearekin, baina era berean energiaren sektorean espekulazio izugarria dagoela salatzen dute: “2008an Brent upela 140 dolarrera iritsi zen eta gasolioa 1,40 euroan zegoen. 2022an Brent upela 128 dolarretan dago eta gasolioa 1,80 eurotan. Norbait aberasten ari da”.

Elikadura-katearen Legea betetzeko eskatu dute, baina kate-maila guztietan, ez gaur egun bezala. Eta elkartasun mezua luzatu diete garraiolariei, haiek ere elikadura-katearen parte direla esanez: “Bat egiten dugu haien aldarrikapenekin”. Halaber, diotenez, enpresek egiten dituzten kontratuak zaintzeko “lehen urratsak emango ditugu, eta ekintzara pasatuko gara legez kanpoko praktikak salatuz”. Datozen asteetarako ekintza gehiago iragarri dituzte.