argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako eskola publikoen hamarretik zortzik eskolaldi jarraia izanen dute
  • Nafarroako eskola publikoetara doazen familia gehienek eskolaldi jarraia nahi dute, eta gehiengoak horrela egingo du, baina behera egingo du kopuru osoak; sei eskolaldi zatitua izatera pasako dira eta bat malgura.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 29a

Hamar egun eman dituzte Nafarroako eskola publikoetako familiek eskolako ordutegia bozkatzen. Azkenean, 135 eskolek eskolaldi jarraia izanen dute, 31k zatitua eta bik malgua. Iaz baino zazpi eskola gutxiagok izanen dute eskolaldi jarraia Nafarroan. 2024-2025 ikasturtean hasiko dira, eta 2028. urtera arte mantenduko dute ordutegia.

Eskolaldi jarraia 14:00etan amaitzen da. Haurrak, beraz, orduantxe bertan, bazkaldu ostean –15:00etan– edo eskolaz kanpo doako jarduerak amaitzean –16:30ean– jasotzeko aukera dute gurasoek.

"Eskolaldi zatitua inposatu nahi ziguten"

Eskolaldi jarraiaren aldeko familiek osatutako plataforma kontent da emaitzarekin: “Familia guztien erritmoak errespetatzen dituzten eta berdintasuna sustatzen duten ereduaren alde egin dugu ia gehienok”. Gehitu dute familiek “kolpe bat” eman dutela mahai gainean: “Eskolaldi zatitua inposatu nahi ziguten, baina aurre egin diogu inori onurarik egiten ez dion ereduari”.

Plataformako kideek nabarmendu dute eskolaldi jarraiak ordutegi “malguagoa” eskaintzen duela: “Norbaitek ezin baditu haurrak eguerdian jaso, beranduago joateko aukera dauka”.

Zatituaren aldekoak ere, pozik

Bestalde, eskolaldi zatituaren aldeko familiek osatutako plataforma ere pozik agertu da, eskolaldi jarraia duten sei eskola publiko gutxiago egonen direlako aurrekoarekin alderatuta: “Eskolaldi jarraiaren zabalpena geldiarazten ari gara”. Gaineratu dute Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako beharretara “hobeto” egokitzen den “kalitatezko” hezkuntza behar dutela.

Zatituaren aldekoek ere diote 14:00etatik aurrera eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko lituzketela zentroek, baina ez dutela egiten: “Haurrak gordetzeko toki bihurtzen da eskola”. Horrekin batera, uste dute "egoera zaurgarriagoan” dauden familientzat “okerragoa” dela: “Batzuentzat sozializaziorako espazio seguru bakarrak eskolak dira, eta jardunaldi luzeak denbora kentzen die”.