argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako eskola libreek euren egoera alegala normaltzea eskatu diote Gobernuari
  • Asteazkenean izan zen Hezkuntza Berrikuntzarako Nafarroako Plataforma Foru Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Beren proiektu pedagogikoaren oinarriak azaldu zituzten eta eskatu zuten egun bizi duten egoera alegala bideratzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko ekainaren 22a
Waldorf pedagogian oinarritutako proiektua da Nafarroako eskola hauetako bat.

Badira hainbat eskola libre Nafarroan, ez dituzte ikasle asko biltzen, baina nabarmentzen dira erabiltzen dituzten pedagogia aurreratuengatik. Duela hamabi urte sortutako Tximeleta izan daiteke horien artean ezagunenetakoa. Azken urteetan sortu dira beste batzuk ere, hala nola Ur Tanta Iltzarben, Taupa Taupa Olatzen, Kimuak Arterran edo Waldorf Elortzen.

Xabier Varon eta Pablo Lasa gurasoak, eta Cristina Sanchez eta Iñaki Zalba irakasleak izan ziren agerraldian. Haien hezkuntza proiektuaren ezaugarriak azaldu zituzten lehenik: haur bakoitzak bere erritmoa du eta hezkuntza ere horretara moldatu behar da. Horretarako irakaslean haurra gertutik entzuten du eta bere beharretara moldatzen da. Zeresanik ez, horretarako funtsezkoa da geletako ikasle ratioa oso txikia izatea. Gaur egun 6-8 ikasle ari dira gelako halako eskoletan.

Plataformako ordezkarien esanetan, hala ere, egoera alegalean daude eta horrek euren jarduera mugatzen du. Urteak dira egoera horretan daudela eta orain Nafarroako Gobernuari eskatzen diote harreman bati ekitea ikusteko zein nolako harreman mota izan dezaketen administrazioarekin euren egoera erabat legeztatzeko.

Parlamentarien aldetik aipatu zitzaien badituztela horretarako bide juridikoak, izan elkarte bat eratzea, kooperatiba bat edo haiek egokien irizten diotena. Pablo Zalbak ihardetsi zuen ez dela hain samurra, legezkoak izateak hainbat baldintza betetzea eskatzen duelako eta haiek ezin dituztelako horietako asko bete. Ariketa fisikorako aretoa jarri zuen adibide gisa, hori eskatzen da, baina euren tamainak ez die halakorik jartzeko aukerarik ematen.

Horrez gain, eskolen egoera prekarioak ere aipatu zituzten: irakasleek 1.000 euroren bueltan kobratzen dutela, gurasoek 200-300 euro ordaintzen dituztela hileko, eta gainera beste lan asko ere egin behar izaten dituztela. Azaldu zutenez, horiez guztiez jardun nahi dute Gobernuarekin, euren errealitatea behingoz eguneratu eta hobetzeko. Lotura honetan ikus daiteke agerraldi osoa.