Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilari Mikel Irujoren esanetan, Sodena Nafarroako Garapen Elkarteak ezin ditu biltegi batean diren 1,7 milioi maskara erabili, CEN enpresarien elkartearen izenean daudelako eta hark ez duelako horretarako baimenik ematen.
Erabili gabe biltegi batean dauden maskaren aferak iragan abuztuaren amaieran egin zuen jauzi plazara Pilar Irigoien Sodenako zuzendari nagusiak dimisioa eman zuenean. 2020ko maiatzean hasi zen egungo auzia, Sodena elkarte publikoak eta CENek Txinan maskarak eta bestelako osasun materiala erosteko akordio bat sinatu zutenean.
Sodenak azaldu izan duenaren arabera, CENek laguntza eskatu zion, eta Sodenak aurreratu zuen diru hori zubi mailegu baten bidez. Ondoren, Txinan negozioak egiten trebatua den Albyn enpresaren bitartekaritzarekin –%3,6ko komisioarekin 70.000ko irabaziak izan zituen–, erosketa gauzatu zen. Sodenak CENek eskatutako kopuruak erosi zituen: 2.149.752 maskara, eta Albyinek 2.136.700 ekarri zituen, eskatutakoak baino 13.000 gutxiago. Nafarroako enpresek 389.950 bakarrik maskara erosi zituzten.
Eta Nafarroako enpresak ere material hori erosten hasi zitzaizkion CENi. Gobernua eta enpresen arteko kudeaketa on eta azkarraren erakusgarri, akordioari sona handi eman zitzaion hedabideetan.
Hasi zen materiala iristen eta erabiltzen, baina berehala, ordura arte zailtasun handiekin aritu zen pandemiako merkatua asko ireki zen munduan, eta Nafarroako enpresak CENi erosi beharrean beren kabuz hasi ziren erosten materiala, CENek eskainitakoa baino merkeago. Ondorioa zein izan da? Erositako 2,2 milioi maskaretatik 1,7 milioi Iruñerriko biltegi batean daudela, gobernuak beste milioika maskara erosi dituen bitartean. Honek guztiak 1,8 milioi euroko galera ekarri dio Sodenari.
CEN da materialaren jabe
Hainbat hari ditu auziak, baina afera argitzen den bitartean, alderdiek legebiltzarrean eskatu izan dute gutxienez materiala erabili dadila, ez baitzen ulertzen zer egiten zuen biltegian atera gabe. Atzoko agerraldian eman zuen azalpena Irujok: ezin da erabili, juridikoki CENena delako, eta honek ez duelako horretarako baimenik ematen; gainera materiala 2023an iraungitzen da.
Auziaren muinetakoa da Sodenak bi milioi euroko mailegu bat egin ziola CENi, baina honek ez du bereganatu nahi operazioak ekarri duen galera, ezta mailegua ordaindu ere. Sodenak azaldu duenez, hainbatetan saiatu da akordio batera heltzen CENekin, baina horrek beti jartzen dio baldintza bera edozein akordioa sinatu aurretik: enpresarien elkarteak ez hartu behar izatea bere gain inongo galerarik. Irujoren esanetan, Sodenak ezin dezake horrelakorik onartu, eta saihesten ibili diren arren, beharrezkoa balitz auzia epaitegietara eraman prest daude. CENek oraindik ez du inongo azalpen publikorik eman bere ikuspegia zein den azaltzeko.
Eta Sodenaren erantzukizuna?
Irujok CENen teilatuaren gainean utzi zuen pilota, eta itxuraz badu argudio sendorik horretarako, areago ikusita egin zaizkion akusazio gogorren aurrean CENek ez duela txintik esan. Baina badira ilungune gehiago oraindik: argitu da materiala CENen izenean erosi zela, argitu da zubi-mailegu baten bidez babestu zuela Sodenak operazioa, baina ez dago argi zein baldintzetan sinatu zen akordioa, orain Sodenak mailegua arazo gabe berreskura dezan. Horrelakorik ez da gertatzen mundu normalean herritarrek edo enpresek bankuekin maileguak sinatzen dituztenean.
Foru Gobernuko Kontu-Hartze Zuzendaritzak operazioaz udan egin zuen behaketak irregulartasunak agerrarazi zituen, batetik CENi emandako mailegua %0interesean eman zelako, horrela Foru Ogasunaren araudia hautsiz; eta bestetik, halako operazio mota batek berariaz behar zuelako foru gobernuaren baimena, eta ez zuelako. Hori ere ez da samur ulertzen, orduan Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Ayerdiren (Geroa Bai) oniritziarekin egin zelako, eta garaiko CENeko arduradunak eta Ayerdik berak pozarren eman zutelako operazioaren berri hedabideen aurrean; eta apirilaren 30ean María Chivite lehendakariak akordioaren berri eman zuen legebiltzarraren osoko bilkuran.
Arrazoi desberdinekin bada ere, Navarra Sumak, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak gogor kritikatu dute operazioa, bermerik gabe egin zela salatuz. Geroa Baik CENi leporatu dio maskarak ezin erabili izatea. Eta PSNek ere berme nahikorik ez zela egon adierazi du: “Bistan da berme nahiko ez zela egon”, aitortu zuen atzo Ainhoa Unzu PSNko legebiltzarreko bozemaileak. Bere garaian Nafarroako Kontuen Ganberak oniritzia eman zion operazioari, baina auziak hartutako norabidea ikusita, auditoria berezi bat egingo zuela iragarri zuen.
Asteazkenean MIkel Irujok emandako azalpen osoa jarraitu daiteke Nafarroako Legebiltzarreko lotura honetan.