argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako zaharren egoitzetan pandemiaren aurkako neurriak malgutu dituzte
  • Uztailaren 4an iragarri du erabakia Nafarroako Gizarte Eskubideen sailak. Zaharren egoitzetan eta desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan musukoaren erabilerari eta bisita erregimenari eragingo dio. 

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 06a
Nafarroako zaharren egoitza bat. Argazkia: Eitb

Nafarroako zaharren egoitzetan eta desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan pandemiaren aurkako neurriak malgutu ditu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen sailak. Zentroen txertaketa tasa %80tik gorakoa bada, erabiltzaileek ez dute musukorik erabili beharko. Horretaz gain, bisita gehiago jaso ahal izango dituzte eta denbora mugarik gabekoak izango dira. Zentrotik irteteko orduak ere malgutu egingo dira.

Txertatuta dauden erabiltzaileen artean, martxotik ez da koronabirusagatik hildakorik egon zaharren egoitzetan eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan. Azken bi hilabeteetan, gainera, ez da erabiltzailerik kutsatu. Egoeraren hobetzeak familiek eta langileek eskatutako neurri berriak ezartzera eraman du gobernua. Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen sailburuak azaldu du zentroetako egoera “lasaitasunezkoa eta konfiantzazkoa” dela pandemiaren hasierarekin alderatuta, eta uztailaren 4an neurrien malgutzea iragarri du.

Erabakien artean, musukoa janzteko derrigortasuna kentzea dago. Txertaketa tasa %80 baino altuagoa den zentroetan, erabiltzaileek ez dute maskararik erabili beharko; langileek eta bisitariek, momentuz, aldean izan beharko dute. Halere, txertatuta dauden bisitariak zentroko edozein espaziotik ibili ahal izango dira, eta ez bisitak egiteko ahalbidetuta dauden guneetan soilik, orain arte bezala. Horrek bide emango dio zahar etxeetan eta beste zentroetan boluntarioak sartzeari.

Bisita erregimenean ere aldaketak egongo dira. Denbora mugarik gabeko bisitaldiak onartuko dira, eta gainera, ez da gehienezko kopururik egongo erabiltzaile bakoitzak astero jaso ditzakeen bisita kopuruan. Martxotik orain arte, egoera ezberdina izan da: aurretiko zita eskatu behar izan da bisitariak jasotzeko, eta aglomerazioak ekiditeko eta espazioen aireztapen ona bermatzeko, zentro bakoitzak mugatu egin behar izan du bisiten iraupena eta kopurua. Erabiltzaile bakoitzari, gutxienez, astean behin ordu erdiko bisita bat baimendu izan zaio.

Uztailetik aurrera, erabiltzaileak zentrotik irteteko dituzten orduak ere ez dira mugatuko. Martxora arte, bi irteera mota bereizi izan dira: segurtasun neurriak errespetatzea ahalbidetzen duten irteerak, arrisku baxukoak (kalean familiakoekin egindako ibilaldiak kasu) eta arrisku altukoak, segurtasun neurriak betetzea zailtzen duten egoerak (gaua etxetik kanpo pasatzea eta familia bazkariak kasu). Azken hauetan, erabiltzaileek PCR proba egin behar izan dute zentrora bueltatu baino lehen, eta gero, berrogeialdian egon behar izan dute. Uztailetik aurrera, zentrotik kanpo 72 ordu igarotzen dituztenek bakarrik egin beharko dituzte izapide horiek.

Egoitzen publifikazioa

Pandemiak zaharren egoitzetan sortutako egoerak zentroen kudeaketan dauden hainbat gabezia azaleratzeko balio izan du. Nafarroaren kasuan, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zaharren egoitzei buruz egindako txostenean bildu dira azken datuok. LAB sindikatuak esan du Nafarroako Gobernua “zuzenean” interpelatzen dutela jasotako emaitzek, eta egoitzen kudeaketa arazoak ekiditeko, zentroen publifikazioa beharrezkoa dela azaldu du. Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen sailburuarekin bilera eskatu dute sindikatutik.