Nafarroako Hezkuntza Departamenduak inkesta bat egin du gazteek talde armatuei buruz dakitena neurtzeko. Galdekatutakoen %38k ez daki ETA zer den.
Ostegunean aurkeztu dute txostena Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eta Luis Campos Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak. Inkesta DBHko 28.000 ikasleri bidali diete, eta horietatik 1.156en erantzuna jaso dute. Kontseilariaren esanetan, lagin hori "estatistikoki oso esanguratsua" da.
Inkestak erakutsi duenaren arabera, gazteen %63k ez daki zer den GAL. Beste %19ri ezaguna egiten zaio, baina ez daki zehazten. Alegia, %82k ez du ezagutzen, soilik %11k erantzun du baiezkoa. Ekintza zehatzei buruz galdetuta, %2k soilik gogoratzen du baten bat.
"Eskuin muturreko taldeek egindako ekintza terroristak" ez dituztela ezagutzen esan du ikasleen %73k. Aitzitik, ETAren ezagutza bestelakoa da: %57k ezagutzen du; %9k ezezkoa erantzun du eta %29ri ezaguna egiten zaio, baina ez daki zehazten. Beraz, erantzun dutenen %38k ez daki ETA zer den. ETAren ekintza zehatzen bat gogoratzen du galdekatutakoen %29k.
NAIZek jarri du sarean inkestaren txosten osoa.