argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan azpikontratatzen diren zaintzaile batzuek ez dakite euskaraz
  • Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan azpikontrataturiko zenbait zerbitzutan ez da euskara eskatzen, eta ondorioz, haurrekin zuzenean ari diren langile batzuek ez dakite euskaraz, adibidez autobusetako zaintzaileen artean. Hala salatu dute Behatokiak, Sortzen elkarteak eta hainbat gurasok.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 12a

Garraio zerbitzuen adibidea jarri dute: esleipenetan ez da hizkuntza irizpiderik ezartzen, eta euskaraz bizi eta eskolan euskaraz ikasten duten haurrei euskararen inolako ezagutzarik ez duten zaintzaileak egokitu dakizkieke. Nafarroa osoan gertatzen dela eta soluzio erraza duela gogoratu dute: zerbitzu hauetan euskara menperatzen duten profesionalak daudela ziurtatzea, hizkuntza-irizpideak kontuan hartzeak zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea dakarrela ulertuta.

D ereduko ikasleekiko begirune eza salatu dute. Euren hitzetan, hezkuntzaz ari garelarik garrantzi berezia hartzen du euskaraz ikasten duten haurrei bideratutako zerbitzuetan eskaintza integrala euskaraz bermatzeak.

Kontratazio publikoetan hizkuntza-irizpideak aintzat hartzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari. Haur eta gazteen aisialdiari lotuta azpikontratatzen diren eskaintza guztietan ere euskarazko zerbitzua ziurtatuko duten neurriak hartzeko eskatu diote Departamentuari.