Nafarroako hainbat hoteletan azpikontratatutako garbiketa zerbitzua eskaintzen du Clinhotel enpresak. Hiru euro baino gutxiago kobratzen dute langileek garbitutako gela bakoitzeko.
Besteak beste, Pompaelo, Villa Castejon edota EL Toro hotelek azpikontratatutako garbiketa enpresa da Clinhotel. 45 langile kaleratu zituen enpresa honek gabonak baino lehen, eta langile hauek urritik ez dute soldatarik jaso.
Zor zaien dirua ordaintzea eskatu du ELA sindikatuak elkarretaratzean. Baina ez hori bakarrik. Garbiketa sektoreko langileen lan baldintzak ere salatu dituzte. Garbitzen duten gela kopuruaren araberako soldata jasotzen dute. Sindikatuak iritzio dio horrek “gainkarga fiskiko handia” eragiten duela langileengan. Zehazki, 2,15 eta 2,80 euro artean jasotzen dute langileek garbitzen duten gela bakoitzeko.
Hotelen zuzendaritzarekin hitz egin du ELAk langileen egoera hobetzeko asmoz; zehazki garbiketa zerbitzua barneratu dezaten galdegin die hotelei, garbitzaileak "hoteleko langile gisa" aitortzea. Sindikatuak jakinarazi duenez, mobilizazioekin jarraituko dute helburua lortu arte.
Albiste hau Euskalerria Irratia-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.