Trenaren eskumena duen Espainiako Gobernuaren erabakia da eta Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak eman du berria Foru Legebiltzarrean. Pozik agertu da, horrela 70 kilometro horiek egiteko egungo 48 minutuak beharrean 20 minutu emango direlako, bere esanetan.
2011n hasi ziren AHTren eraikuntza lanak Nafarroan eta, berez, Kantauri Itsasoa eta Mediterraneoa abiadura handiz lotzea du helburu, hegoaldetik Zaragozarekin lotuz eta iparraldetik Euskal Y-arekin bat eginez.
AHT martxan izango dela sarritan aipatu dute nafar agintariek. Oraingoan egingo bada, ordea, ez du loturarik izango ez Zaragozako linearekin ezta Euskal Yarekin ere, bi horiek nola egin oraindik ez dagoelako zehaztuta. Horregatik, lau kilometroko konexioa egingo dute egun Albia trena doan Bilbo-Casetas (Zaragoza) bidearekin, eta horretarako Ebro gainean biaduktu bat ere eraikiko dute.
Cirizak iragarri du Iruñeko geltokiaren gaia “trabatuta egon dela azken 20 urtetan, baina azkenean Etxabakoitzen egongo dela, eta horrela Nafarroak ere izango duela bere geltoki jasangarria, bai ekonomikoki zein ingurumenaren alorrean. Iparraldetik, oraingoz, ez du abiadura handiko loturarik izango.
Kontseilariak zehaztu duenez, bi finantzazio iturri erabiliko dira trenbide zati hau amaitzeko: batetik Espainiako Gobernuak aurten bideratuko dituen 52 milioi euro eta, bestetik, Europako funtsetatik etorriko diren 145,5 milioi euro. Azken hauek 2026rako gastatuak egon behar dute, horregatik seguru agertu da data horretarako amaituta egongo dela trenbide zatia.