argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako biodibertsitatearen arriskuez txostena atera du Sustrai Erakuntzak
ARGIA @argia 2023ko otsailaren 17a
Aerosorgailuetako palek ehunka hegazti hiltzen dituzte urtero. (Argazkia: Jose Antonio Martínez / Público) Argazkia: Jose Antonio Marinez / Público

Argitalpenaren helburua zehatza da elkartearen esanetan: herritarrek eta gizarte-taldeek Nafarroan bizi diren landare- eta animalia-espezieen aniztasuna eta haien artean eta pertsonekin sortzen diren harremanak zaintzearen garrantzia ezagutaraztea. Komunitate zientifikoa zorrotza da: espezie asko bizirik irauteko arrisku larrian dago, eta horien desagertzeak modu negatiboan eragiten dio planetan dagoen bizitza osoari, baita gizakioi ere.

Munduan, adibidez, gaur egun itsasoko ugaztunen herena, anfibioen %40 eta koralen %33 mehatxatuta dago humanoen jardueraren ondorioz. Animalia eta landareen milioi bat espezie arriskuan dira, eta desagertzekotan egon daitezke bi hamarkadatan. Lur ekosistemen %75ean eta itsas ekosistemen %66an aldaketa larriak izan dira. 1700. urtean ziren hezeguneen %85 desagertu dira jada. Datuok Ekosistema Zerbitzuen eta Biodibertsitateari buruzko Nazioarteko Zientzia eta Politika Taldeak (IPBES, ingeleseko sigletan) 2019ko txosten batean argitaratutakoak dira.

Sustrairen txostenaren azala
Biodibertsitatea giltzarri gure bizitza kalitatean

Klima aldaketaz eta ingurumen krisiaz asko hitz egiten dela uste du Sustrai Erakuntzak, baina ez horrenbeste biodibertsitateaz, edo hitz egiten denean, dena nahasten da. Horregatik, zehazki Nafarroako biodibertsitatean egoera aztertzen duen azterlana argitaratu dute. Ohartarazten dute, halaber, gaia oso konplexua dela eta txostena hurbilpen bat besterik ez dela.

Beren esanetan, Nafarroako animalia- eta landare-espezieen egoerak okerrera egin du 1995eko espezie mehatxatuen lehen katalogoa onartu zenetik: “Adibide ugarien artean, aipagarria izan daiteke estepako hegaztiena, haien egoerak okerrera egiten baitu eta mehatxuek gora egiten baitute etengabe, eta, hala ere, arriskuan jartzen dituzten proiektuak onartzen dira”.

Biodibertsitatearen galeran eragiten duten faktoreen artean honakoak aipatzen dituzte: nekazaritza eta abeltzaintza industriala, adibidez, Caparrosoko Valle de Odieta makrogranja gisakoak; energia berriztagarrien eta goi-tentsioko linea elektrikoen proiektu handiak; AHT moduko garraio azpiegitura handiak, edota orain arte gehien zaindu diren eremuetan jarri nahi diren Erdizko edo Zangozako meategiak (Mina Muga).

Gure bizitza ere jokoan

Txostenak Foru Komunitatean bioaniztasuna babesteko dauden kudeaketa tresna eta araudi batzuk ere aztertu ditu, besteak beste espezie babestuen katalogoak. Azken hamarkadetan hainbat animalia zein landare izaten ari den bilakaera ere jarraitu ahal izango du irakurleak.

Asko dago irakurtzeko ia ehun orrialdeko txostenean, baina funtsean, “kontzeptu batzuk argitzen lagundu nahi dugu –dio Elkarteak–, egungo eztabaidetan bizi diren falazia batzuk hautsi eta, batez ere, benetako eztabaida informatu eta arduratsua sustatzen lagunduko duten oinarriak sortzen lagundu. Historiak erakusten du biodibertsitatearen galerak prekarietate-egoeretara eramaten dituela gizarteak. Beraz, ezinbestekoa da orain zaintzea. Azken finean, gure bizitzaren iraupena da”.