argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako azoka ekologikoa, maiatzaren 18tik 20ra
  • Era guztietako produktuak egonen dira: esnekiak, ardoa, barazkiak, kontserbak… Guztira, 45 saltoki ipiniko dituzte, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren eskutik, autobus geltoki zaharrean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko maiatzaren 11
Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko kideak, Isabel Elizalde kontseilarekiarekin eta Patricia Perales zinegotziarekin.

Nafarroako azoka ekologikoa maiatzaren 18tik 20ra izanen da, autobus geltoki zaharrean, Geltokin. Arlo guztietako produktuak egonen dira eskuragai: esnekiak, ardoa, barazkiak, kontserbak, zerealak, olioa, eztia… Guztira, 45 saltoki ipiniko dituzte, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren eskutik.

Salmentaz gain, hiru egunez, show cookingak, haurrentzako tailerrak, dastatzeak eta hitzaldiak daude: esaterako, Jakoba Errokondoren, Rosa Barasoainen eta Manuel Figueroaren mintzaldiak. Helburua joaten direnek erostea bada ere, nekazaritza ekologikoa ezagutzera eman nahi dute antolatzaileek. "Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko elkargunea izan nahi du azokak", jakinarazi du Miren Lizasoain Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko kidea.

Instituzioekin elkarlanean

Iruñeko Udalaren laguntza izan du kontseiluak azokaren prestakuntzan, baita gobernuarena ere. Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziak oroitarazi du, 2017an, %13an egin duela gora nekazaritza ekologikoak eta 115 ekoizle gehiago daudela, nolanahi ere, "egoera oraindik ere ez da bere onenera bueltatu". Horregatik, sustatzen jarraitzeko beharra dagoelakoan dago.

Gora egin dute nekazaritza ekologikorako diru laguntzek, bilketa zentro bat eraikitzekotan dira, finantzaketak hobera egin du… horiek dira emandako "aurrerapausoak" Isabel Elizalde Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilak zehaztu duenez. "Elkarlana". Horra instituzioek eta ekoizleek jorratu beharreko bidea.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.