argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Auzitegiaren epaia arbuiatzeko bilkura izango da larunbatean Iruñean, Kontseiluak deituta
  • Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuaren lan kontratazioak arautzen dituen foru dekretuaz emandako epaiari erantzuteko bilkura 12:00etan izango da Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Epaiaren ondorioz, adibidez, Nafarroako eremu mistoan eta ez euskaldunean, ingelesa, alemana edo frantsesa euskara baino garrantzitsuagoak izango dira foru administrazioan lan postu bat eskuratzeko.

     

ARGIA @argia 2019ko urriaren 18a
Iruñean egin zuten agerraldia Kontseiluko kideek urriaren 11n. (Arg.: Kontseilua)

"Justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten dien epaia izan da"; horrela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, euskalgintzako hainbat eragilerekin batera. Bilbaoren esanetan, "duela urte bat Nafarroako Parlamentuko batzorde berezian jakinarazi genien alderdiei horrelakorik gerta zitekeela. Izan ere, herritarrei eskubideen aitortza desberdina egiten bazaie, zailagoa da instituzioei eskubideak bermatzeko neurriak exijitzea”.

Izenik aipatu gabe ere, UGT sindikatua gogor kritikatu du Bilbaok:"Euskararen aldeko neurri guztiak jarri dituzte auzitan. Epaileek berek ohartarazi diote ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak ele bietan egoteak langileen eskubideekin?".

Ondoren, Kontseiluko eledunak azaldu du epai murritza izan arren, debekurik ez duela ezartzen eta, beraz, ausardia eskatu dio gobernuari beste garai bateko “hizkuntza-politika ilunetara” ez itzultzeko. “Epaiak dioen bezala, ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar dute instituzioek; hortaz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean neurriak hartzen jarraitu ahal dute, langileen euskara-gaitasunak baloratzen zein euskararen erabilera orokortuan. Iruñeko alkateak aurreratu du epaiaren irakurketa murritza aplikatuko duela; Gobernuak berdin jokatuko du?" galdetu du Bilbaok.

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak gobernuari koherentziaz jokatzeko eskatu dio, baita kasazio-helegitea tarteratzeko ere: "Haserre gaude, bai, oso haserre, baina orain gobernuari ausardiaz joka dezala eskatzeko unea da. Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan dezala".

Xabi Martinez de Lezea (IKA), Begoña Muñoz (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Agurne Gaubeka (Hizkuntzaren Behatokia eta Xabi Garcia (AEK) ere izan dira agerraldian, Bilbaorekin batera.