‘La Manada’ kasuko auzipetuak aske uzteko eskatu du hauen defentsak, eta eskaria aztertzeko agerraldia egingo du Auzitegiak.
Epai irmoa oraindik ateratzear dela, Nafarroako Auzitegiak kasuko alde guztiak deitu ditu agerraldira, akusatuen abokatuak berauen baldintzapeko askatasuna eskatuz idatzia erregistratu ostean. Abokatu defendatzaileak, akusazio partikularra, Nafarroako Gobernuak zein Iruñeko Udalak osatzen duten herri-akusazioa eta fiskaltza, denak daude zitatuta ekainaren 18an, astelehena, 10:00etan egingo den agerraldira. Entzunaldi publikorik ez du izango, ostera.
“Sententziak, kondenazkoa izanik ere, ordezkatzen ditudan horiek absolbitu egiten ditu auzipetze-autoari, fiskaltzaren kalifikazio-idazkiei eta gainontzeko akusazioei bidea eman zioten hasierako delituetatik”, justifikatu du bost auzipetuetatik lauren letratua den Agustin Martinez Becerrak baldintzapeko askatasun eskaria egitean. Lehen auzialdian kondenatuak izan arren baldintzapeko askatasunean dauden eta oihartzun mediatikoa izan duten zenbait auzipeturi erreferentzia ere egiten die idatzian, hala nola: Iñaki Urdangarin, Diego Torres eta Gürtel kasuko beste zenbaiti.
Europa Pressek jakinarazi duenez, behin agerraldia eginda, sententzia eman zuen epaimahai berberak egunean bertan edo biharamunean hartu ahalko luke erabakia.
2017ko abenduaren 1ean, azaroan egindako epaiketaren ahozko ikustaldia eta gero, Nafarroako Auzitegiak bost auzipetuen baldintzapeko askatasuna ukatu egin zuen. Epaiarekin nola, kasu horretan ere magistratuetako batek boto partikularra eman zuen, akusatuak absolbitu egin beharko liratekela babestuz.