argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila
  • Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren erasoaren aurka. Kereila horrek Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Parlamentuaren sostengua lortu zuen. Bost urte igaro diren honetan, apelazio errekurtsoa atzera bota eta kereilaren artxiboa berretsi dute. Prentsaurrekoa eman dute egoeraren berri emateko.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2024ko urtarrilaren 24a

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko Sanferminetako gertaeretan larri zauritutako pertsonek eta Iruñeko Peñen Federazioak salatu dute, instantzia judizial horiek kereilarekin erakutsitako “pasibotasuna” eta “utzikeria”.

Baieztatu dute, artxibo horrek erakusten duela Justiziak duen konplizitatea Estatuak eta instituzioek krimen hori tratatzeko izandako inpunitate politikarekin. Elkarteak baieztatu du 1978ko Sanferminetako gertaeren harira jarri dituzten kereila guztiak atzera bota eta artxibatu egin dituztela, argudiatuz ez dagoela froga nahikorik krimen hartan poliziak izandako erantzukizunaz. Elkarteak, ordea, azpimarratu du zezen plazan milaka pertsona izan zirela gertakarien lekuko eta Rodriguezen hilketan dozenaka lekukoren adierazpenak izan zirela.

Horregatik salatu dute epaileek eskuak garbitu zituztela eta Martin Villaren bertsioari men egin ziotela, hark adierazi baitzuen: “gureak akatsak dira, haienak krimenak”.

Gertaera haiek ez baloratzerako eta erantzuna saihesteko justiziak erabilitako arrazoi zuzengabekoak salatu dituzte. Horregatik artxiboaren autoa Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko dutela jakinarazi dute eta beste kereila bat, aurrekoaren berdina, aurkeztuko dutela, aferaren muina epaitzeko aukera izan dezaten eta galdera batzuk erantzun ditzaten.

Bukatzeko adierazi dute ekimen judizialak, instituzionalak eta sozialak bultzatzen jarraituko dutela, 1978ko Sanferminetako gertaerendako eta haien biktimendako egia, justizia eta ordaina erdietsi arte.