argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du terrazetan erretzea debekatzen duen neurria
  • Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi duenez, gobernuaren justifikazioa "ez da nahikoa" ostalaritzako establezimendu guztietako terrazetan, upeletan barne, erretzea debekatzeko. Horri buruzko txosten espezifikorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ez du berretsi Osasuneko sailburuaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduan jasotako neurrien puntu zehatz hori.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko urtarrilaren 15a
Arg.: X. Letona

Errekurtsoa jar dakiokeen autoan, salak berretsi egin du gainerako neurri soziosanitarioen luzapena, ostalaritzaren esparruan erretzea debekatzeari buruzko puntua izan ezik; izan ere, puntu horretan, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ahal izanez gero, erretzea baimentzetik, inola ere ez baimentzera igaro nahi zen. Horrek, auzitegiaren ustez, "herritarren oinarrizko eskubideak gehiago mugatzen ditu, eta, beraz, ez da baimendutako osasun neurrien luzapen hutsa, benetako aldaketa baizik".

Ildo horretan, magistratuek adierazi dute, beste prozedura batzuetan ere jasota utzi dutela, murrizketa handiagoak ezartzeko, "motibazio sakona behar dela". Auzitegiak adierazten duenez, Foru Aginduan soilik adierazten da "debekatuta dagoela terrazetan erretzea (upelak barne) ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu guztietan; izan ere, terrazetan erretzeak kutsatzeko arrisku handia dakar establezimendu horietan, eta hori saihestea komeni da, erretzen duenaren eta terrazetan dauden gainerakoen artean dagoen distantzia alde batera utzita".

"Justifikazio hori guztiz eskasa da osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den ikusteko, ez baita ad hoc txostenik aurkeztu, soilik bilakaera epidemiologikoari buruzko datuak, sala honek neurri horren beharra eta proportzionaltasuna baloratu ahal izateko", errepikatu dute magistratuek, eta "berriz ere" ohartarazi dute administrazioak "nahikoa baliabide dituela horretarako", eta hori "ez da ahaztu behar" etorkizunerako. Beraz, Foru Aginduak bere horretan uzten du terrazetan erretzeko debekuari dagokion murrizketa, baldin eta bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.