“Tramitazio akatsa" argudiatuta eta hezkuntza programaren edukia baloratu gabe, Skolae programa ukatu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Xedapen orokor gisa tramitatu behar zela argudiatu du epaileak, eta ez ekimen administratibo modura.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezeztatu egin du Nafarroako Hezkuntza Sailak onartutako Skolae hezkidetza programaren ezarpena, tramitazioan akats bat dagoela argudiatuta. Legez ezarritako prozedura “erabat” zokoratzen zuela arrazoitu du epaileak. Adierazi duenez, programa transbertsala izanik, xedapen orokor edo erreglamendu moduan tramitatu eta onetsi behar zen, eta ez ekimen administratiboa izango bailitzan. Dena den, ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko aukera zabalik dago oraindik.
Skolae programaren aurkako salaketa Iruñeko bi ikastetxetako gurasoek jarri zuten. Dena den, auzitegia ez da programaren xehetasunak aztertzera sartu. Epaileek azaldu dutenez, izaera orokorra duten legeen onarpen prozesurako “foru legeari men” egin behar omen zaio, aurreproiektuari memoria bat eta ikerketa ekonomikoa gehituz eta sail guztiei kontsultatuz. Hori gutxi balitz, zenbait kasutan, proiektua jendaurrean jartzeko betebeharra ezartzen da. Azkenik, hura aplikatzeko beharrezko prozedura ere zehazten du legeak.
Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren esparruan eginiko proposamen nagusietariko bat da Skolae. Programak “kultura parekidea” sustatzea eta indarkeria sexisten arloan heziketa bultzatzea du helburu. Sektore sozial eskuindarrak egitasmoaren aurka azaldu dira ordea, eta haurrak “doktrinatzeko” nahia egotzi diote gobernuari.