argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako aurrekontuaren %57 gizarte gastuetara bideratuko dute
  • Nafarroako Parlamentuak 2017ko aurrekontuak onartu ditu Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. PSN, PP eta UPNk aurka bozkatu dute. Guztira 4.062 milioi euroko aurrekontua izango da, orain arteko handiena.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 23a

2010. urtekoa da gehien hurbildu zaion aurrekontua 4.002 milioi eurorekin. Azken urteetako murrizketen ondoren, sei urte behar izan dituzte errekuperatzeko. 2016ko aurrekontuarekin alderatuz gastu eta inbertsio publikoan %6,4ko –225,2 milioi euroko– igoera izango du. Aurrekontuaren %57 gizarte gastuetarako erabiliko da, hezkuntza eta osasun alorretan %6ko igoerak eginda.

Euskarabideak %27 igoera izango du, sei milioi euroko aurrekontuarekin. Ikerketa eta garapenean ere igoera nabarmena egingo da, %23koa. Guztira 87 milioi euro inbertituko dira alor horretan. Enpleguaren sustapenerako 53,5 milioi euro erabiliko dira, aurten baino sei gehiago.

Aurrekontuko 387,8 milioi euro –biztanleko 605– Nafarroak duen zorra amortizatzeko erabiliko dira. Bestalde, hartu gabeko eskumenengatik Espainiako Estatuari 495 milioi euroko ordaindu beharko dizkio, Gobernuaren aurreikuspenen arabera.

Rajoyren Gobernuak 2017ko defizit helburua %0,2 igo zien autonomia erkidegoei, beraz, 97 euroraino zorpetzeko baimena du Nafarroak. Bestalde, gobernuko lau alderdiek onartutako zerga erreformari esker 144 milioi handituko da bilketa.

Parlamentuak oposizioak aurkezturiko 314 zuzenketatik gora eztabaidatu ditu. Onartutako zuzenketen artean buru-osasuneko unitateko psikogeriatria zentroko obren amaiera bideratzeko gastuetan 2,5 milioi euroko igoera dago. Zuzenketa hau gobernuko lau indarrek aurkeztu eta onartua izan da, beste bi zuzenketak bezala, 200.000 euroko igoerarekin biak, Tutera eta Lizarrako landa eremuetako osasun egoera hobetzeko.

Ez dira aski

Pobreziaren kontrako sareak “behar egoerei aurre egiteko” aski ez direla azaldu du: “Larrialdi egoerari aurre egiteko inbertsio sozial handiagoa behar da”. Hobekuntzak egin diren arren nahikoak ez direla salatu dute, biztanleriaren %13 pobrezian bizi dela gehituta.

Alderdiei dagokionez, lau alderdiek aurrekontuen alde bozkatu zuten arren, ñabardurak jarri dizkiete. Podemoseko Laura Perez kritiko agertu da gizartearen parte hartzerik izan ez duelako: “Ez dira gureak”. Halere, alde bozkatu zuten aurrekontuak hobetu direla azalduz. EH Bilduko Adolfo Araizek ere adierazi du “iraganeko politika baztertzaileak” gainditzeko pausuak eman direla, “nahiz eta nahikoak ez izan”.

PP eta UPN alderdien ustez aurrekontu “sektarioak” dira Parlamentuak onartu dituenak. UPNko Carlos Garcia Adanerok gobernuaren kezka bakarra oreka mantentzea dela aurpegiratu dio Barkosi, “honek funtziona dezan eta botereari eusteko”.