Azaroaren 1a baino lehen aurkeztua behar zuen Nafarroako aurrekontuen proiektua ostiralean edo datorren astelehenean ezagutaraziko dela aurreikusten da. Oposizioak atzerapena kritikatu eta UPNren aurrekontu proposamenaren edukia arbuiatu du murrizketetan oinarritutako neurriak dituela argudiatuta.
Europa Press albiste agentziak berri eman duenez, Roberto Jimenez sozialisten buruak uste du aurrekontuak berandu iristeak Gobernuaren ahuldadea adierazten duela. Horrez gain, ekonomia eta enplegua suspertzeari ekarpenik egiten ez dion aurrekontuaren inguruan bere partiduak ez duela UPNrekin negoziatuko baieztatu du. “Murrizketen bidetik jarraitzen duten aurrekontuek pertsonen eskubideak murrizten” dituztela leporatu die orain arte haien kide izandakoei.
Bilduko bozeramale Bakartxo Ruizek ere atzerapena kritikatu du eta debatea “saihestu” nahi izatea egotzi dio Gobernuari. “Badirudi aurrekontuak luzatzea bilatzen ari dela” azaldu du. Gainera, aurrekontu berriak “jendartearentzako zigorra” ekarriko dutela iruditzen zaio, “ez direlako herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko pentsatuak izan”. Horren aurrean, Bildu eta Aralar-NaBaik hiru lege proposamen aurkeztu dituztela gaineratu du.
Aralar-NaBaiko Asun Fernández de Garaialdek ildo beretik jo du eta Foru Gobernuko kideei “tramite hutsa betetzea” leporatzen die; argi geratu baita, bere ustez, ez dutela “aurrekontu hauek aurrera ateratzeko inongo asmorik”. Bestalde, “arduragabetzat” jo du aurreproiektua, “inbertsio bakarrak une honetan beharrezko ez diren AHT eta Nafarroako ubidera bideratu nahi” direlako.
Izquierda-Ezkerrak ere gauza bera leporatu dio UPNko gobernuari, eta “politika neoliberal eta zorrotza” alde batera uzteko eskatu dio.
Geroa Bai koalizioko Manu Ayerdik adierazi du Gobernuarengan konfiantza guztia galdua dutela, izan ere, “urtez urte Exekutiboak aurrekontu bat prestatzen du baina horren betearazpenak ez du ia antzik izaten”. Bere hitzetan, “2013ko aurrekontuak ez badute funtzionatu, logikaz, 2014koek ere ez dute funtzionatuko”.
UPNko bozeramale, Carlos Garcia Adanerok defendatu du aurreproiektuak “oinarrizko zerbitzuak bermatuko” dituela; eta oposizioari “ezetzaren” politika egiteari utzi eta aurrekontuak hobetzeko lanean laguntza eskatu dio. Bere iduriz, garrantzitsua litzateke oposizioko taldeek zuzenketak azalduko balituzte “gabeziaren bat ikusten den partidetan aldaketak eginez aurrekontu hobeak egiteko”.
Enrique Martín de Marcos PPNko arduradunak uste du “oraintxe bertan Nafarroak behar duen azkena, aurrekontuen luzapena” dela. Horregatik, ahalik eta adostasun handiena izango duen proiektua garatzeko Foru Gobernuko talde guztiei, baina bereziki PSNri, “elkarrizketa bide guztiak” martxan jartzeko dei egin die. Horrek erakutsi baitu “oposizioko taldeek Nafarroarekiko duten konpromisoa”.