Eko-herrixken Iberiar Sareak (gazteleraz RIE) hemezortzigarren topaketak egin ditu Nafarroako Artieda herrian. “Ametsak erein, zailtasunak landu, etorkizuna uztatu” lemapean bildu dira.
Urtebete da Nafarroako herrixkan Arterra Bizimodu co-housing proiektua martxan jarri zutenetik. Eraldaketa sozialaren eta autogestioaren laborategi izatea dute helburu.
Abuztuko azken asteburuan jendez bete da herria, eta hamaika ekitaldiz osatu dute egitaraua. El Salmón Contracorriente blogean kronika idatzi du Irene Huertasek. Honen arabera, 50 tailer baino gehiago, hitzaldiak eta ekimen ludiko eta kulturalak egin dituzte jardunaldiak iraundako hiru egunetan. Guztia bizi eredu alternatiboak, komunitarioak eta ingurumenarekiko jasangarriagoak bultzatzeko.
Topaketetara gerturatutako jendearen artean sortzen diren harreman eta aliantzak ezinbestekoak dira, antolatzaileen ustez. Urtez urte proposamen, ilusio eta ikaskuntzak konpartitzen dituzte eta eko-herrixken bidea hartzear daudenentzat inspirazio dira.
Parte-hartzaileen artean Amalurra (Katalunia, Granada eta Bilbo), Los Portales (Sevilla), Lakabe (Nafarroa), Cortijo Los Baños (Almeria), Valdepiélagos (Madril) edota El Molino de Guadalmesí (Cadiz) zeuden, Artiedaz beraz gain.
Eko-herrixka hauen artean batzuk abandonatutako herri zaharretan eraiki dituzte, beste batzuk bestelako tokietan. Zenbaitek espiritualitatea asko lantzen dute, eta besteak ordea hetereogeneagoak dira. Hainbat proiektu trantsiziozkoak diren bitartean, hiriko beste aktibitate ekonomikoekin bateragarriak, beste hainbatek konprosiso pertsonal handiagoa eskatzen dute.