argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako Glovoren langileen babesgabetasuna salatu du LABek
  • Glovoren ausarkeria eta Lan Ikuskaritzan bere lana ez betetzea gaitzetsi ditu sindikatuak eta ziurtatu du epe laburrean neurririk hartu ezean bide juridikoak aztertuko dituela.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 10a

Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako Glovoko langileak muturreko egoerara eramatea eta langile hauen erabateko babesgabetasun-egoera salatu ditu LAB sindikatuak. Hamaika epaiketa ebatzi dira zentzu berean eta sindikatuaren arabera ez dago zalantzarik rider eta enpresaren arteko lan-harremanari dagokionez: egoera "dramatikoa" da. Horrez gain, gaineratu du sindikatuak, Auzitegi Gorenak birritan erabaki duela honakoa: jarraitu beharreko doktrina argi eta garbi ezarri behar dela. Glovok, bere aldetik, EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko kasuei buruzko epaiari helegiterik ez jartzea erabaki du.

LAB-ek ziurtatzen du langileak nominen ordez fakturak jasotzen jarraitzen dutela, eta ondorioz oporretarako eskubiderik gabe jarraitzen dutela, edo amatasun/aitatasun edo Aldi Baterako Ezintasun prestazioak jasotzeko aukerarik gabe, edo soldata ziurrik edo lanaldi-portzentaje jakin bat gabe. Hau da, sindikatuaren hitzetan “lan-eskubiderik gabe”.

Bestalde,enpresak iruzurrezko jokabideekin jarraitzen duela ziurtatzen du LABek. Lan Ikuskaritzak kasurik egiten ez diela ere salatu du, LABek behin eta berriz langile horiek bertan behera ez uztea eskatzen duen artean. Enpresak kotizaziorik ez egiteak kalteak –askotan atzeraezinak– eragin dituela gaineratu du eta sindikatuak argi du enpresa eta lan-ikuskaritza direla horren "erantzule zuzenak".

Horregatik guztiagatik, LABek ziurtatu du epe laburrean neurririk hartzen ez bada, bide juridikoak aztertuko dituela erantzukizunak ebazteko eta eragindako langileei ordaina emateko.