argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako aldaketa sozialaren aldeko batzarra martxan
  • Nafarroako orotariko elkarte, erakunde, sindikatu, eragile eta norbanakoek partekatzen dituzten baloreak abiapuntu hartuta elkartu ziren duela urtebete. Denbora horretan egindako lanketaren bidez aldaketa sozialaren aldeko batzarra sortu dute, bertaratu diren ororen interes eta balore berdinak ardatz izanik.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 11
Nafarroan aldaketa sozial eta politikoa bilatzen duten herritarrek sortutako ekimenaren aurkezpen ekitaldirako gonbidapen afixa.

Gobernua aldatzea eta Nafarroan benetako aldaketa sozial eta politikoa nahi duten sentsibilitate ezberdinetako herritarrak bildu dira ekimenean.

Ostiralean, abenduak 13, asanbladaren aurkezpen ofiziala egingo dute Iruñeko Alde Zaharrean kokatutako San Frantzisko eskolan, 19:00etan. Ekitaldi irekia izanen da eta antolatzaileek jendarte guztia gonbidatu dute bertara hurbil dadin.

Horren harira, Info 7 irratia Ainara Oyaga aldaketa sozialaren aldeko batzarreko kidearekin mintzatu da ekimenaren inguruko zehaztasun gehiago ezagutarazteko.

Batzarraren jaiotzaz galdetuta, Oyagak adierazi duenez, "komunean ditugun ideia eta nahiak adostu beharrean, ezberdintasun txikietan zentratzen da sarri jendartea.  Baina egunerokoan ingurukoekin eta orotariko jendearekin hizketan ohartzen gara ikuspuntu berdin asko ditugula. Esaterako, guztiok nahi dugula diru publikoa osasunera bideratzea eta ez bankuei erreskateak ematera. Halako abiapuntuetatik, printzipio komun edo minimo batzuekin urrutira iritsi gaitezkeela kontzientzia hartzea da gakoa. Horrela sortu genuen batzarra”.

Batzarraren funtzionatzeko modua edo norabidea oraindik ez dago zehaztua, Oyagak dioenez “hurbiltzen den jendearen eta horien konpromiso mailaren araberakoa izanen da garapena”.

Finean, bizi diren sistema gustatu ez eta horri irtenbide posibleak eman nahian batu direla azaldu du asanbladako kideak. “Aldaketa batean sinesten edo aldaketarako nahia duen orok du lekua asanbladan". Ostiraleko aurkezpenera ahalik eta jende gehien batzeko nahia azaldu du Oyagak.