Informaziorik helarazi gabe eta baimen eskaerarik gabe hasi dituzte Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz lehenago egin beharrak diren zundaketa lanak Otsobi kontzejuaren lurretan. Stop Zundaketak plataformak jakinarazi du egoera: "Izako Udalari edo Otsobiko kontzejuari jakinarazi gabe hasi dituzte ikerketa geologikoak egiteko zundaketa lan horiek".
Nafarroako Abiadura Handiko Trena Euskal Autonomia Erkidegoko Y-arekin nondik lotuko duten zehazten hasteko lanak dira katak egitearenak. Orain arte zailtasunak izan dituzte Aralar inguruan eta Sakanan egiteko lursailetako jabeek edota Udaletako ordezkariek ez dutelako nahi izan halakorik egiterik. Stop Zundaketak plataformak salatu du pasa den 24an hasi zituztela zundaketa horiek egiten Otsobiko kontzejuarenak diren lursailetan eta larunbatean bertan batzarrean eman zieten horren berri bizilagunei.
Urriaren 18an izan zen Iruñean Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkaria eta hark esan zuen, trena pasatzeko aukera dagoen leku horietan “behin behineko okupazioen” bidez eginen zituztela egin beharreko lanak. Otsobiko kontzejuak jakin zuen lan horietan hasiak zirela: "Langile batek lursail bateko jabeari baimena eskatu zion lur azpitik ura hartzeko. Honek, ezezkoa eman zion". Horren ondotik iritsi ziren kamioi-depositu bat eta horren bitartez ari dira lan egiten. Zundaketa lanak egungo trenbidea dagoen lekutik gertu egiten ari dira gehienetan Adif-enak diren lur-eremuetan, baina Otsobiko kontzejuarenean ere sartu dira halakorik jakinarazi gabe.
Stop Zundaketak plataforma ikertzen ari da legezkoa ote den hartzen ari diren erabaki horiek zundaketak egiteko. Administrazioak dio “presazko lanak” direla eta hagatik ez dela beharrezkoa inolako baimen eskaerarik egitea. Plataformak baina, zalantzan jartzen du presazkoa denik egiten ari direna.
Datozen zundaketa lanak Uharte-Arakilen eta Etxarri Aranatzen eginen direla uste dute.