Aldi baterako irtenbide gisa planteatu du Garraio Ministerioak, eta horrela mantenduko litzateke Castejon eta Zaragoza artean Nafarroako AHTaren plataforma martxan egon arte.
Arrizabalaga eta Castejon artean abiadura handiko trenarentzat plataforma bikoitza eraikitzen ari dira. Horren harira, Espainiako Garraio Ministerioak proposatu du — behin behinean, behintzat — plataforma horrek ohiko trenak erabiltzen duen trenbide baten zabalera izatea. Beraz, trenbidearen nazioarteko zabalera estandarrera —1.435 milimetro — egokituko litzateke ibilbide osoan. Horrela mantendu nahi du AHTaren Castejon eta Zaragoza arteko plataforma martxan egon bitartean.
Diario de Navarra hedabideak jaso duenez, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoko Nafarroako dekano Pedro Bustok adierazi du aldi baterako aukera honek “alde ona” duela, baina “arriskuak” ere aurreikusten ditu: “Besteak beste, alde negatiboak dira aldaketa hau denboran mantentzea eta San Jorge auzoko egungo geltokiarekin 30 edo 40 urtez jarraitzea”. Halaber, Etxabakoizko geltokiaren proiektuak “sine die” jarraitzeko arriskua duela azpimarratu du Bustok.
Ministerioak adierazi du AHTrako eraikitzen ari diren plataforma 2026 edo 2027an amaitzea aurreikusten duela. Horregatik, bitartean erabilerarik gabe ez geratzeko Bilbo-Casetas (Zaragoza) linearekin konektatuko da aldi baterako.
Abiadura aldaketa
Bestalde, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak adierazi du aldaketarekin trenak "abiadura handia" ere lortuko duela: “Hori ez dago zabaleraren mende, baizik eta trenaren plataforma berriaren mende, malda eta bihurguneak murrizten baititu”.