Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta IEk eskatuta zenbait alkate izan dira parlamentu batzordean egin duten lan saio batean. Espainiako Gobernuari eta talde politikoei lursail horiek ez galtzeko laguntza eskatu diete.
Abiadura Handiko Trenaren obrentzat Adif-ek 13 zabortegi sortu ditu. Horiek kalteak eragin dizkiete zenbait udalerriri. Herri horietako alkateek beren "babesgabetasuna" salatu dute, eta Espainiako Gobernuari eta talde politikoei laguntza eskatu diete zabortegi bihurtutako lursail horiek ez galtzeko.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta IEk eskatuta, Barasoaingo alkatea (Rita Delia Roldán), Biurrun-Olkozkoa (María Luisa Serrano), Tebas-Muru Artederretakoa (Yolanda Obanos), eta Garinoaingoa (Bertha Sánchez) izan dira parlamentu batzordeko lan saio batean.
"Adif-ek ez luke libreki hautatu behar eremu horiek erabat desjabetzea, beste aukera batzuk ere badaude; hala nola, aldi baterako okupazioa askoz merkeagoa da eta udal gisa gure ondarea ez luke hainbeste murriztuko", esan du Garinoaingo alkateak.
Yolanda Obanos alkateak Espainiako Gobernuko teknikari baten beharra azaldu du: "Okupatutako lurrak berriro ere laborantzakoak izan daitezen zaintzeko teknikari bat behar dugu". Teknikari hori ezin da enpresaren borondate onaren mende egon, eta deitoratu du udalak direla bizilagunen "kexen hartzaile nagusiak", eta ez direla gai defendatzeko. Gainera, erdialdeko herri horiek azpiegituraz beterik daudela eta orain AHTkoak gehitu zaizkiela nabarmendu du.
Barasoaingo alkate Rita Delia Roldánek, herri lurrak desjabetzea "hain erraza" izatearen aurrean harridura azaldu du, are gehiago lur gehienak laborantzakoak eta "oso produktiboak" izanik.
Azpiegitura horien eragina salatu dute guztiek. Izan ere, lurralde horiek are zatikatuago geratuko dira errepideetatik, tuneletatik, zubietatik eta zabortegietatik, eta paisaian aldaketak eragingo dituzte.