argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako AHTk behar duen inbertsioaren %5era ere ez da iritsi Sánchezen gobernua
  • Ostiralean egon zen Iruñean Espainiako Gobernuko garraio ministro Raquel Sánchez eta bere gobernuak egindako inbertsioak goraipatu zituen: 103 milioi euro obretan eta 125 milioi euro prest ditu lizitazioetarako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 25
Alesbes Tafalla zatiko argazkia. (Arg.: Ekin Klik)

2011tik egin den inbertsioaren erdia, beraz, PSOEren gobernuak egin du, baina Nafarroako AHT zatia egiteko hutsaren hurrengoa da hori eta A. Irisarrik Diario de Noticias-en egindako kalkuluaren arabera, Madrilgo gobernuak gastatutakoa aurrekontu osoaren %5era ere ez da iristen. Zaragoza hiria EAErekin lotzen du Nafarroako zatiak, 232 kilometro ditu eta 2.469 milioi euroko aurrekontua du. Orain arte Erriberako 25 bat kilometrori eragiten die egindako inbertsioak.

Castejon-Iruñea zati aurreratuena

Zati honek 70 kilometro ditu eta 1.064 milioi euroko aurrekontua du, 2018ko kalkuluaren arabera. Eraikuntza lanak zati horretan ari dira egiten, bost azpizati ditu eta bukatuta dagoen bakarra 14,77 kilometroko Castejon-Alesbes atala da.

Lehenengo zatia Ebro ibaiaren gainetik pasatuko den zubiaren zatia da, AHT zati hau da egungo Tutera-Bilbo trenbidearekin lotuko duena. 50 milioi euroko kostua du eta, Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, 40 milioi Europako Next Generation funtsetatik aterako ditu. Ez du zehaztu beste 10 milioiak nondik aterako diren. Gogoratu behar da, inbertsio hau osorik Espainiako Gobernuak egiten duela. Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituen zatiak gero kupotik kenduko liratekeela suposatzen da.

Bigarren zatia da eginda dagoen bakarra, aipatu dugun Castejon-Alesbes. Hirugarren zatia Alesbes-Hiriberri da (125 milioi eurokoa), beste bi azpi-zatitan banatua: batetik, Alesbes-Azkoien, 5 kilometrokoa eta oso konplexua, Nafarroako AHTko zatirik garestiena ei da, besteak beste Aragoi Ibaiaren eta AP-15aren gainetik pasatu behar duelako bi biaduktu bidez; bestetik, Azkoien-Hiriberri, 10,3 kilometrokoa (29,3 milioi euro) eta hau ere bukatuta dago.

Laugarren zatiak Hiriberri Tafallarekin lotzen du, 14,67 kilometro ditu eta 117ko milioi euroko aurrekontua; lanean ari dira 2019tik. Bosgarren zatia Tafalla-Campanas da, 15 kilometro ditu eta 128,82 milioiko kostua. Europako funtsen 105,5 milioi euro zati honetara bideratuko dituela iragarri du foru gobernuak. Hauetan ere ez dago ezer eraikia.

Eta Campanasetik Iruñea artekoa da seigarren zatia eta konplexuena –Iruñeko buklea–, besteak beste Iruñeko egungo tren geltokia Etxabakoiz auzora eramango delako. Ez dago ezer egina. Zati hau oihartzun handikoa izan zen UPN gobernuan zegoen garaian, alderdi eskuindarrak 9.000 etxe eraiki nahi zituelako auzoan AHTko lanak finantzatzeko. Iragan irailean Madrilgo Gobernuak baztertu zuen horrela izango zela.

Zaragoza eta Gasteizko zatiak airean oraindik

Aipatu Castejon-Iruñean zati horrez gain, beste bi zati handi ditu Nafarroako AHT zatiak: hegotik foru erkidegoa Zaragozarekin lotzen duena (87 eta 825 milioi euroko aurrekontua) eta iparretik Iruñea-Gasteiz lotunea. Azken horretan ere ez dago ezer aurreratua, eta gainera Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute gustuko. Zati hau, halaber, giltzarri da Atlantikoa eta Mediterraneoa abiadura azkarrez lotzeko.

Espainiako Gobernuarentzat, Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat proiektu estrategikoak dira AHT ibilbide hauek, baina bi hamarkadetan ez da oraindik lortu Euskal Y-a amaitzerik, eta Nafarroako zatia guztiz airean da, aurrekontuei begira bederen.