argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako AHTa blindatu nahi du Geroa Baik
  • Nafarroako eta Espainiako Gobernuek AHTaren inguruan “ez-betetze klausulak” sinatzea proposatu du Iñigo De la Serna Barne Ministroak. Manu Aierdik ontzat hartu du proposamena: "Izugarri ona iruditzen zait ardura duena behartzea sinatutakoa betetzera", adierazi du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 12a
IƱigo De la Serna eta Manu Ayerdi maiatzaren 25ean elkartuko dira, AHTaren gaia jorratzeko.

Iñigo De la Serna Espainiako Barne Ministroak ekitaldi bat egin du Iruñean “Abiadura handia, Nafarroaren etorkizunerako ezinbestekoa” lemapean. Ziurtatu du Nafarroa ez dela abiadura handitik kanpo geratuko, Espainiako Gobernuak trena bultzatzeko ardura hartuko duelako. Prozesua “ahalik eta gehien” azkartzen saiatuko direla azaldu du, posible izanez gero Foru Gobernuarekin elkarlanean. Nafarroako Gobernuak hitzartutakoa bete ezean, gobernu zentralak AHTren obrak bere gain hartuko dituela azaldu du. Hori saihesteko “ez-betetze klausulak” sinatzea proposatu du.

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko presidenteordeak ontzat hartu du proposamena. “Konpetentziak dituenak, alegia, Estatuak, klausulak ezartzea ziurtatuko du etorkizunean gauzek aurrera egingo dutela”, argudiatu du. Izan ere, ez-betetze klausulen bitartez zehazten da alde bietako batek adostutakoa bete ezean, besteari ordaindu beharko diola. Alegia, etorkizunean Nafarroako Gobernuak AHTaren inguruan Estatuarekin adostutakoa beteko ez balu, herritarrek "kalte-ordaina" ordaindu beharko luketela.

“Ongi iruditzen zait, lehenengo hitzarmenean egon izan balitz, orain agian beste egoera batean egongo ginateke”, adierazi du. Akordiora heltzeko asmoa dutela ziurtatu du, “azpiegiturak aurrera egin dezan”. “Horretarako, ardura duena behartzea sinatutakoa betetzera, izugarri ona iruditzen zait”, adierazi du.

Nafarroarentzat AHTa “guztiz estrategikoa” dela esan du, merkantzien eta bidaiarien arazoak konpontzeko eta Europako estandarretan sartzeko; horregatik, lanean jarraituko dutela ziurtatu du.

Gobernua sostengatzen duten gainerako alderdiak abiadura handiaren ereduaren aurka azaldu dira eta AHTaren inguruan ematen dituen pauso guztiak gainerako alderdiekin adosteko eskatu diote Manu Aierdiri.