argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako AHT proiektuaren aurkako salaketa aurkeztu dute Europako Batzordean
  • Sustrai Erakuntza Fundazioak Espainiako eta Nafarroako gobernuen aurkako salaketa aurkeztu du Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzan, AHT proiektua dela eta. Europako Berdeen taldeko Jordi Sebastià (Compromís) legebiltzarkideak egin ditu salaketa aurkezteko bitartekari lanak. Esan duenez, “Nafarroako AHT proiektuak gutxienez bost europar zuzentarau eta nazioarteko hitzarmen bat urratzen ditu”.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko ekainaren 19a
Proiektuari buruzko informazioa jendarteari ez zabaltzea salatu du, besteak beste, Sustrai Erakuntzak.

Sustrai Erakuntzaren esanetan, arau urraketak hiru arlotan gertatzen dira:

Informazio eta parte hartze eza: salaketaren arabera, Nafarroako Gobernuak AHTri dagokion ingurumen arloko informazioa ezkutatu du 2008tik 2014ra. Modu horretan, Aarhuseko Hitzarmena eta 2003/4/CE zuzentaraua urratu dituzte. Sustrai Erakuntzak nabarmendu du urraketa hori agerian utzi dutela honezkero Nafarroako Arartekoaren 2009ko erresoluzioa batek eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko epai batek.

Ingurumen Inpaktuko Adierazpenen (IIA) balio eza: “Nafarroako Gobernuak eraikitze lanak abiatu zituenean, 2011n, IIAek bi urte zeramaten iraungita”. Hala ere Castejón eta Cadreita artean obrak egiten ari direla eta ibilbidearen beste zati batzuetan lur desjabetzeak tramitatzen ari direla salatu dute.

Babestutako eremuei kaltea: aurreikusita dago AHTk Natura 2000 Sareko hainbat eremu zeharkatzea. Horrek hegaztien babesei eta habitaten kontserbazioari buruzko hainbat arau urratuko lituzke.

Sustrai Erakuntzak gaineratu du Nafarroako AHT egitasmoak ez duela errentagarritasun sozio-ekonomiko azterketarik, 65 kilometroko trenbidea eraikitzeko 900 milioi euro gastatzea aurreikusten bada ere. Alferreko gastutzat jo dute, are gehiago kontuan izanda abiadura handiko beste bide batzuekin inolako loturarik ez duela izango.

“Tren bide berria dagoeneko existitzen denaren paraleloa da. AHT kostatuko denaren hamarren bat erabilita gaur egungo linea modernizatu liteke”, esan dute.

Sustrai Erakuntzak egitasmoaren aurkako mobilizazio deialdia egin du, Nafarroako Ekologistak Martxan eta AHT Gelditu! elkarlanarekin batera. Ekainaren 20an (larunbata) egingo da kontzentrazioa, Nafarroako Diputazioaren aurrean, eguerdiko 12etan. Elkarretaratzearen amaieran Europako Batzordean aurkeztutako salaketari buruzko argibideak emango dituzte.