argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako administrazioaren merezimenduen dekretua onartezina dela salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak
  • Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri du Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko dekretua. Asteazken honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Foru Gobernuaren proposamen berria aztertu dute, bai eta zenbait ondorio atera ere.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 13a
Argazkia: Kontseilua

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hitz batera ekarri du gobernuak aurkeztutakoa: onartezina. Izan ere, urtarrilean aurkeztu zuten bertsiotik apenas egin dute aldaketarik: “Ez dute inondik inora herritarren eskubideak ardatz izango dituen dekretua aurkeztu”. Salatu du lehen ez bezala, orain lanpostu guztietan ez dela kontuan hartuko euskararen ezagutza, horietako %97k ez dutela euskararen derrigorrezko ezagutzarik ezarrita eta hori oso larritzat jo du "bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek euskararen edota euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean baino neurri atzerakoiagoak hartzea". Bere ustez, dekretuak ez dio erantzuten gizartearen beharrari.

 

Milaka herritarren eskaerari muzin egiten zaio

 

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak gogoratu nahi izan du maiatzaren 7an milaka herritarrek Iruñeko kaleak hartu zituztela, eta gobernuari eskatu ziotela herritar guztien eskubidea bermatuko zuen dekretua jorratzeko: “Are gehiago, Nafarroako Gobernuko erregistroan 1.700 herritarren eskaera sartu genuen, eta gobernuak entzungor egin dio, bai herritarren aldarriari, bai eta herritarren eskaera zuzenari ere". Gaubekaren arabera, Dekretu honek ez du bermatuko, ezta ahalbidetuko ere herritarrek administrazio publikoko zerbitzuetan euskara erabili ahal izatea. Bere ustez, Nafarroan ezin dira zerbitzu publikoak euskaraz jaso eta dekretuak hori legitimatuko du, “berezko hizkuntzan bizi nahi duten pertsonak desberdinkeriaz hartuko dira, eta beraien hizkuntza erabiltzeko edota garatzeko oztopoak betikotuko dira”.

Osasunbidean euskarak %10 balio du, gehienez

Osasunbidea jarri du mahai gainean Behatokiko zuzendariak: “Badakigu zein garrantzitsua den herritarrek osasun-arreta berezko hizkuntzan jasotzea. Horren aurrean, eremu euskaldunean dekretuak gehienez %10 baloratuko du euskararen ezagutza, eta %6 eremu mistoan. Horrek argi uzten du euskaldunek bigarren mailako herritar izaten jarraituko dutela”, esan du Gaubekak.

Bilbao zuzen mintzatu zaio gobernuari: "Jakin dezala, euskalgintzak ez duela dekretua onartzen eta beharrezko ekarpenak egingo dituela herritar euskaldunak kontuan hartuak izateko”.

Kontseiluak eta Behatokiak bidalitako agiri osoa irakurri daiteke ARGIAko Eragileen plazan.