argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako adingabeen zentro batzuetan langileek jasandako erasoak salatu eta publifikazioa eskatu du LABek
  • Asteazkenean egin dute elkarretaratzea Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren parean. Egiturazko prekaritate-egoera luzea salatzeaz gain, egoeraren aurrean, Nafarroako Gobernuari esku-hartzeko eskatu diote.

     

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 10
LABen elkarretaratzea Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren parean. Argazkia: LAB

Nafarroako Gobernuak pribatizatuta eta azpikontratatuta dituen adingabeen zentroetan langileek pairatu dituzten arrisku egoerak salatu ditu LAB sindikatuak. Asteazkenean egin dute elkarretaratzea, Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren parean. Bertan, Gobernuari zerbitzua publifikatzeko eskatu diote, “egiturazko prekarietate jarraitua” ebazteko.

Azken asteetan, hainbat eraso jasan dituzte Nafarroako adin txikikoentzako zentro batzuetako langileek. LABek azaldu duenez, gertakariak “larriak” izan dira. Bi langile ia eskaileretatik behera bota dituzte; segurtasuneko langile bat jo dute, orkatila, tibia eta peronea hautsiz; beste langile bat zapalduta eduki dute, eta beltzuneak eta arnasteko zailtasunak izan ditu horren ondorioz.

Prekaritate-egoeraren emaitzak

Halere, sindikatuaren ustez, arazoa gertakari puntual horietatik haratago doa. Oihan Ataun LABeko esku-hartze sozialeko arduradunak hedabideei esan dienez, “fokua ez da hor jarri behar”. Jazoerak egiturazko prekaritate-egoera luze baten ondorio dira, eta funtsezko gizarte-zerbitzuak pribatizatzeak eragin ditu. 

Sindikatuaren ustez, zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen diren azpikontratatutako enpresek ezarritako politikek bultzatu dute egoera. Zentroetako langileen –artakoen, segurtasunekoen eta administraziokoen– ratioak baxuegiak dira, titulazioen eskakizunetan aldaketa arbitrarioak egiten dituzte enpresek, lan-arriskuen eta neurri zuzentzaileen prebentzio falta handia da, eta aldi baterako kontratazio asko daude.

Horren aurrean, “kontrol publiko falta” handia dela salatu dute elkarretaratzean bildutakoek, eta Nafarroako Gobernuari esku-hartzeko exijitu diote. Funtsezko zerbitzuak publifikatzen ez dituzten bitartean, enpresa pribatu horien gaineko kontrol mekanismoak garatzeko eskatu diote Gobernuari.