argia.eus
INPRIMATU
Adinekoen egoitza pribatuak greban dira Nafarroan lehen lan hitzarmenaren alde
  • 4.500 pertsona ari dira gaur egun Nafarroako adinekoen zaintzaren sektore pribatuan, eta iragan astelehenetik greban ari dira ELA, LAB eta UGT sindikatuak deituta, zeintzuek sektorearen %83ko ordezkaritza sindikala biltzen duten. ELA da nagusi sektorean.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 19a
Langileak LARES patronalaren egoitzaren aurrean. (Arg.: LAB)

2021eko maiatzean osatu zuten Nafarroako lan hitzarmena negoziatzeko mahaia ANEAk eta LARES patronalarekin, eta harrez gero hiru astez behin bildu izan dira lan hitzarmena negoziatzeko, baina emaitzarik gabe, ordezkaritza sindikalak jakinarazi duenez. Horregatik, bost eguneko greba egiten ari dira, orain arteko luzeena. Urrian ere egin zuten hiru eguneko grebaldia.

Estatu mailako lan hitzarmena gainditu eta Nafarroakoa lortzea da helburu nagusietakoa, baina aurrera begira aldarrikapena da sektorea publifikatzea, sindikatuen esanetan hori baita berme garrantzitsuena zaintza sektorearekin negoziorik egin ez dadin.

Gaur egun baldintza desberdinak daude sektore pribatuan, baina benetako arrakala pribatuaren eta publikoaren artean dago. Sektore pribatuko erresidentzia askotan 1.100 euroko soldata gordina dute –hamalau hilabetetan jasotakoa–, 15.400 euroko soldata gordina urteko 1.792 orduko lanaldiagatik. Sektore publikoan, aldiz, 1.500 euroko lansaria dute eta urteko 1.582 lan ordu, astean lau ordu gutxiago. Sindikatuen esanetan, sektore pribatuko soldatak ez dira nahiko hilaren bukaerara iristeko.

Langileen eskakizunen artean, nabarmentzen da ere bajengatik soldataren ehuneko ehuna kobratzea. Adierazten dutenez, langileak sarritan doaz lanera osasun baldintza ez egokienetan, berez urria den soldata areago ez urritzeko. Lan zama handia dutela ere salatzen dute, enpresek langile gutxi kontratatzen dituztelako: "Goizero 12-15 egoiliar artatu behar ditugu: ohetik altxatu, dutxatu, jantzi eta egoera ezin hobean utzi behar ditugu ordu eta erdiko tartean". Diotenez, arratsaldeko txandetan egoera okertzen da langile gutxiago egoten direlako.

Sektore oso prekarioa da honakoa eta emakumeak dira nagusi bertan. Biztanleriaren zahartzearekin batera, sektoreak gora egin du azken urteetan eta aurrera begira ere horrela jarraituko duela aurreikusten da. Grebak patronalari begiratzen dio batez ere, baina sindikatuek Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea ere eskatzen dute, haien esanetan, neurri handi batean gobernuak finantzatzen duelako sektorea.

Hilaren 16an ekin zioten grebari eta 20an bukatuko dute, 17:30ean Iruñeko Misericordiaren egoitzatik abiatuta egingo duten manifestazioarekin.