argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 39.000 herritar eremu “ez-euskaldunetik” mistora pasako dira gaur
  • Zonifikazioaren inguruko bozketa egingo dute asteazkenean Nafarroako Legebiltzarrean. 43 udalerri eremu "ez-euskaldunetik" mistora pasako dira eta Atetz, berriz, mistotik euskaldunera. Zizurko Zendea eremu "ez-euskaldunera" aldatzeko eskaera ez dute onartuko.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 31

Gobernua babesten duten lau alderdiek bat egingo dute bozketarako, Berria-k jaso duenez. Euskaldunen lege babesa indartzeko aldaketak onartuko dituzte; ez, ordea, gutxitzekoak. Zizurko Zendeako Udalak, UPNren gehiengoarekin, eremu ez euskaldunera igarotzeko eskatu du, lehen aldiz, baina legebiltzarrak ez du onartuko. Eremu mistora eta euskaldunera egingo diren aldaketak “koherentetzat” jo ditu Nafarroako Arartekoak; ez-euskaldunera igarotzekoa, berriz, “atzerakada” dela esan du.

43 udalerri sartuko dira eremu mistoan, horien artean Tafalla eta Zangoza; 39.000 herritarrek izango dute eskubidea administraziora euskaraz jotzeko. Horietan euskara ez da ofiziala izango; bai, ordea, Atetzen. Nafarroan zonifikazioak indarrean jarraituko du momentuz, lauko gobernuak ez baitu legea berritzeko akordiorik lortu.

2017ko otsailean eremu “ez-euskalduneko” hamaika udalerrik mozioak onartu zituzten, bi eskarirekin: Euskararen Legea bertan behera uztea eta, hori lortu bitartean, eremu mistoan sartzea. Gobernuak baiezkoa eman zion eremuz aldatzeko eskariari, eta prozedura ireki zuen. Azkenean, 43 udalerrik egin zuten eskaria eta asteazkenean onartuko da.

Eremu aldaketaz gain, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk beste bi proposamen aurkeztu dituzte: eremu ez-euskalduneko udalek ordenantzak euskaraz egiteko aukera izatea eta legean vascuence hitza euskararengatik ordezkatzea.

Hauek dira eremuz aldatuko diren herriak:

-Eremu euskaldunera: Atetz

-Eremu mistora: Abaigar, Adios, Allin, Ameskoabarrena, Antzin, Añorbe, Aranatxe, Arellano, Artazu, Bargota, Beriain, Biurrun Olkotz, Cabredo, Deikaztelu, Eneritz, Erriberri, Eulate, Galoze, Garinoain, Itzagaondoa, Larragoa, Leotz, Lerga, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Obanos, Oibar, Oteitza, Puiu, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tirapu, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz Hiria, Uxue, Villatuerta, Zangoza, Zirauki eta Zuñiga.