argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 3.452 fusilatuei omenaldia egingo diete Iruñean
  • Apirilaren 11n ekitaldia egingo dute fusilatuen senideek Iruñeko Gazteluko Ingurubidean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko apirilaren 10

Urtero moduan, Errepublikaren Egunaren ingurumarian 1936an faxistek fusilatutako lagunak omenduko ditu Nafarroako Fusilatutako Senitartekoen Elkarteak. Lurralde horretan hildako 3.452 pertsonak izango dituzte gogoan, bereziki 298 iruindarrak.

Lore-eskaintza 12:00etan izango da Gazteluko Ingurubidea kalean. Irati Goikoetxeak aurkeztuko du eta, besteak beste, parte hartuko dute Berriozarko Elkarrekin koroak, Maite Mené kantariak eta Mutiloako Otro Mundo antzerki taldeak.

Dolua amaitu gabe

Elkarteko kideek azaldu dute Nafarroako Memoria Historikoaren legearen artikulu asko oraindik garatu gabe daudela eta beharrezkoa dela hori egitea. Legea 2013an onartu zen, baina oposizioko taldeek eta eragile sozialek askotan salatu dute UPNren gobernuaren pasibotasuna.

Berrikitan  Nafarroako Parlamentuak Barcinaren exekutiboari eskatu dio ez dezala “beste aldera” begiratu, eta frankismoko sinboloak ezabatzeko neurriak har ditzala.  Bestalde, Urbasako sima batean aurkitutako gorpuzkinak berreskuratzeko diru-laguntza ukatu zaiela salatu dute biktimen senideek.

Senitartekoen elkartearen esanetan, 79 urte igaro diren arren, Nafarroak zorra dauka oraindik fusilatutako pertsona horiekin, 1.000 inguruk desagertuta segitzen baitute “zelai eta bide-bazterretan lurperatuta”. Horiek aurkitu arte senideek ezin izango dutela euren dolua amaitu diote.

Larunbateko ekitaldian Aurea Jasok hitz egingo du, 1936an aita eta bi osaba hil zizkioten melidatarrak. Aitaren hezurrak Valle de los Caídos-era eraman zituzten eta ezin izan ditu inoiz berreskuratu: “Bizitza osoa egon naiz DNA egin eta nire aita Bardeetara eramateko zain. Nire errautsak Bardeetara joango dira, hor eman baitzituen aitak azken urratsak”.