Ostegun arratsaldetik Vianak alkate berria dauka. Geroa Bai eta Cambiemos Viana taldeen babesari esker, izendatu dute PSNko Yolanda Gonzalez tentsio handiko udalbatzan. Hala, Nafarroako 25 herri handienetatik Cintruenigo baino ez dago egun erregionalisten esku.
Vianan PSNren hiru zinegotzien, Cambiamos Vianako bien eta Gero Bai-ko bakarraren babesari esker –hiruen artean udalbatzaren %60 osatzen dute– aurrera atera da UPNko Jose Luis Mugiondo alkatearen aurkako zentsura mozioa. UPNk lau zinegotzi ditu eta EH Bildu-k duen zinegotzi bakarrak ez du udalbatzan parte hartu. PSNk uko egin dio EH Bildu biltzen duen edozein aldaketari eta Vianan kanpoan utzi dute. Aldaketaz galdetuta, PSNko Maria Chivitek aipatu ditu aurreko legealdian Geroa Bairekin zuten akordioa eta Vianako UPNren kudeaketa txarra.
Tentsio handiko bilkura izan da. UPNko jarraitzaileak oso haserre agertu dira eta oihu eta txistu artean izendatu dute alkate berria.
PSN izan da UPN boterean egoteko makulu nagusia eta gaur egun ere Uxue Barkosen Gobernua kritikatzeko batuta agertzen dira. Halere, Vianan ikusitako jarrera aldaketa bat dator Espainiako Estatuan sozialistek egindako beste mugimendu batzuekin. Pedro Sanchez idazkari berriarekin batera, PP agintzen ari den zenbait tokitan PSOE eta Podemosen arteko aliantzak sortzeko aukera indartzen ari da popularrak boteretik kentzeko. Aste honetan, esaterako, Gaztela-Mantxako gobernuan sartu dira Podemoseko bi kide.
4.000 biztanle ingururekin, Nafarroako 25 herririk handienetako bat da Viana. Agintea PSNren esku geratu ostean, horietatik UPNk Cintruenigon baino ez du agintzen.