argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 24 herritan %28,73k bozkatu du Gure Esku Dagoren galdeketetan
  • Igandean Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 24 herritan 27.095 herritarrek izan dute botoa emateko aukera, eta horietatik 7.781ek eman dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 19a

Nafarroan “erabakiaren aroan” urrats berri bat egin dute. 2014an Etxarri-Aranatzen hasi zen herri galdeketen bideari 72 herrik jarraitu zioten Euskal Herri osoan, Gure Esku Dago herri dinamikak antolatuta.

Galdera askotarikoak izan dira, herri bakoitzak berea adostuta. Maiz errepikatu den formula “Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?” izan da. Galdera ezberdinei ordea, antzeko erantzuna eman zaie: %95,8k bozkatu du euskal estatu burujabe baten alde, %1,73k kontra eta %1,83k zuri.

Antolatzaileak pozik agertu dira emaitzekin eta Nafarroa osoan galdeketak egiteko asmoa erakutsi dute, baita hiri handietan ere, “erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki”. Azken lau urteotan 164 herritan egin dira galdeketak eta 150.000tik gora herritarrek eman dute bozka.

Festa giroa izan da herri guztietan (Arg: @Gureeskudago)
Herritarrak bozka ematen Ziordian (Arg: Gureeskudago)

 

Leitzan bozka emateko ilarak  (Arg: @Gureeskudago)
Gure Esku dagok zabaldutako parte hartze datuak herriz herri