argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatu du gobernuak
  • Etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak. Tentsio handiko eremu izendatu nahi dituzten udalerrien artean daude, besteak beste, Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Corella, Noain, Cintruénigo, Baztan eta Altsasu. Nafarren %68,3 bizi da 21 udalerri horietan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko azaroaren 05
Tafalla da tentsio handiko eremu izendatu nahi duten udalerrietako bat Tafallako Udala

Udalerri horiek tentsio handiko eremu izendatzea "beharrezkoa" dela adierazi du Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak. "Administrazio publikoek eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu, etxebizitzen prezioen etengabeko igoera geldiarazteko, milaka familia merkatutik kanpo geratzen ari dira-eta".

Tentsio handiko gune izendatuak izateko, legeak ezartzen dituen lau baldintzetako bat behintzat bete beharko dute udalerriek: etxebizitzaren zein alokairuaren prezioa azken bost urteetan KPI gehi 3 puntu igotzea; edota familiek edo norbanakoek etxebizitzaren oinarrizko hornidura ordaintzeko (ura, argindarra...) diru sarreren %30 baino gehiago bideratzea.

Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako zuzendari nagusi Elga Molinak azaldu duenez, datozen bi hilabeteetan Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin bilduko dira, baita 21 udalerrietako ordezkariekin eta hainbat eragilerekin ere. Urtarrilean prozesu administratiboa hasiko dute, eta bi hilabeteko epea ezarriko da alegazioak aurkezteko. Ostean, Foru Agindua argitaratuta, Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari jakinaraziko zaio ebazpena, eta hark emango die tentsio handiko eremuetako alokairu-prezioen mugarako indizea. Prozesua amaituta, sei hilabeteko epea ezarriko du gobernuak, udalerriekin batera neurri zehatzei buruzko plana egiteko. "Hori da, gure ustez, urratsik garrantzitsuena; izan ere, izendapen hori aukera gisa ikusi behar da, etxebizitzaren prezioen gorakada kezka handiz ikusten duten udalerri guztientzat", esan du Molinak.