Konstituzionalak foru legearen zati garrantzitsu ugari bertan behera utzi ditu, Estatuko eskumenekoak direla argudiatuta.
Nafarroa udazkenean Polizien Lege berri bat izatetik gertu egon zen, baina Parlamentuak atzera bota zuen Ahal Dugu eta Ezkerra ez zeudelako ados Mari Jose Beamounten sailak egindako proposamenarekin; ELA, UGT eta CCOO ere kontra azaldu ziren, ez ordea APF eta SPF polizia-sindikatuak, bozketa estu baten ondoren. Hala, lege berririk gabe, aurrekoa zegoen indarrean, 2015ekoa. Orain ordea, lege hori erabat ahulduta utzi du Konstituzionalak eta Nafarroako autogobernuari beste kolpe bat eman dio Madrilek.
2015eko Polizien Legea PSN, Aralar-Nabai, Bildu eta I-Eren botoei esker atera zen aurrera, eta UPN eta PPNk aurka bozkatu zuten. Auzitegiak hainbat zati indargabetu ditu, tartean polizia foralek informazioa zentralizatzeari buruzkoa, zigor-espedienteak foru legearen arabera soilik jartzearena eta Foruzaingora sarbidea izateko poliziagaiei baldintza zehatz batzuk ezartzen dizkiena. Konstituzionalaren ustez, zati horiek Estatuak segurtasunaren inguruan dituen eskumenak urratzen dituzte, hala nola funtzionario publikoen eskubideak ere.
Candido Conde Pumpido Konstituzionaleko epaimahaiko kideak boto partikularra eman du, esanez Nafarroak baduela eskumen historikoa Foruzaingoaren jarduera modu horretan antolatzeko.