argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako 0-3 hezkuntza plataformak 60 eguneko greba bukatu du
  • Grebalariek aitortu dute ez dituztela helburuak bete, baina harro agertu dira irakasleen kolektiboak lortu duen batasunarekin, eta iragarri dute eskoletako prekaritatearekin amaitu ezean, grebara itzuliko direla.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko uztailaren 01
Argazkia: @0Navarra

Bi hilabeteko lanuztearen ondoren eta ikasturtearen amaierarekin amaitu da greba. Bozeramaileen esanetan, euren ohiko egoera ekonomikoa prekarioa da eta grebaren ondoren are eta gehiago, grebalari askok ezin dute aurrera jarraitu. Greba oso ikusgarria izan da Nafarroa osoan eta bereziki Iruñean. Protesta eta sentsibilizazio ekintzak etengabekoak izan dira, horietako askotan Foruzaingoa aurrez aurre, eta etengabe interpelatu dute Nafarroako klase politikoa.

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak kudeatzen dute 0-3 urteko hezkuntza publikoa, eta greba bultzatu duen plataforma haiekin aritu da negoziatzen. Lan baldintzak hobetu eta zikloaren doakotasuna betetzeko dirua, alabaina, Nafarroako Gobernuak jartzen du, eta hari zuzendu zaio nagusiki plataforma.

Alde horretatik, aste honetan bertan Nafarroako Gobernuak iragarri du 4,5 milioi euro gehiago jarriko duela datorren ikasturtean soldatak hobetzeko. Halaber, 55 irakasle berri kontratatuko dira datorren ikasturtean, eta 2023-2024 urterako ia beste hainbeste kontratatzeko konpromisoa hartu du.

Grebalariek diotenez, hori ez da nahikoa, eta azpimarratu dute dauden lorpenak egindako borrokaren ondorio direla, eta jarraituko dutela borrokan 0-3 zikloa duintasunezkoa izan arte, 3-6 zikloa bezala, eurena ere doakoa izan dadin: "Gure duintasuna ez dago salgai, ez da edozerengatik trukatzen, baizik eta, ematen da, edo ez da ematen".

Datorren irailaren hasieran hitz egiten jarraitzekotan geratu dira Nafarroako Gobernua, Udalerri eta Kontzejuen Federazioa eta 0-3 zikloko langileak.

Amaitu dutela iragarri zuten unea, Euskalerria Irratiko kazetari Haritz Pascualen txio batean: