Datorren uztailaren 1ean Nafarroak trafiko eskumenak berreskuratuko dituela iragarri du María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. 1959an kendu zizkion eskumenak Nafarroari Espainiako Gobernu frankistak.
Ostegun honetan iragarri zuen albistea Chivite lehendakariak Nafarroako Legebiltzarrean eta bera ere zuhurtasunez aritu zen datarekin, hainbatetan ez baitira bete agintariek egindako iragarpenak. Duela bi urte kartzeletako osasun transferentzia egin zen, eta horrela, trafikokoa gauzatzen denean, hogei urtean Espainiako Gobernuak Nafarroari egiten dion bigarren transferentzia izango da.
Navarra Sumako alderdiek izan ezik, gainerako guztiek hartu dute ongi iragarpena, alderdi ia guztien aldarrikapena historikoa baita. Transferentziarako lehenbiziko akordioa 1999an iragarri zuten José María Aznar Espainiako Gobernuko lehendakariak (PP) eta Miguel Sanz presidenteak (UPN). ETAren jarduna indarrean zegoela eta, azkenean PPk ez zuen gauzatu.
Hurrengo saioa 2002an egin zuen Sanzek berak, eta oraingoan Espainiako Gobernuak aitzakiarik izan ez zezan, eskaini zion Nafarroak berreskuratzea eskumena, baina errepidetako zaintza lanak Foruzaingoak eta Guardia Zibilak elkarrekin egitea. Espainiako Gobernuak ezetza eman zuen ostera ere. Ondorengo akordioak 2018an –Uxue Barkosen gobernuan–, 2020an eta 2021ean eman ziren, azken bietan Chiviteren gobernuarekin jada, baina horietan ere ez zen transferentzia gauzatu.
Horregatik guztiagatik, Chivitek iragarri zuen uztaileko data ia segurua dela, baina oraindik ez dela behin-betikoa. Navarra Sumak eta Espainiako eskuinak kanpaina gogorra egin dute gaiaren inguruan, batez ere EH Bilduk transferentziaren gaia sartu zuenean PSOErekin egindako Espainiako Gobernuaren aurrekontu akordioetan. PSOEri EH Bilduren eskuetan egotea leporatu diote etengabe, eta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatu nahi izatea.
1.581 guardia zibil Nafarroan
Eskuinaren argudioek, aldiz, ez dute ez hankarik ez bururik, aipatu den gisan Espainiako eskuinak eta Nafarroako eskuinak egindako saioak oso aspaldikoak direlako. Guardia Zibilak Nafarroatik alde egiteari dagokionez, alderdi abertzaleen aldarrikapen historikoa da, baina oraingoan ere ez da beteko. Nafarroan 1.581 guardia zibil daude eta horietatik %10 bakarrik aritzen da trafiko lanetan. Guardia zibil horiek aukera izango dute, hala nahi badute, Foruzaingora sartzeko.
Guardia Zibila, dena den, ez da desagertuko Nafarroako errepideetatik uztailaren 1etik aurrera. Eskumenen transferentzia prozesua bost urtez luzatuko da, Foruzaingoak eskuduntzei ekiteko behar dituen 149 polizia izan arte.
Foruzaingoak honako funtzioak berreskuratuko ditu transferentziarekin: isunak jartzeko eta kentzeko ahalmena, autoeskolen eta gidabaimenen bideratzea, bideko segurtasuneko formazioa eta kanpainak, istripuei buruzko informazioaren kudeaketa, eta kirol edo bestelako ekitaldietan errepideak kontrolatzea.