argia.eus
INPRIMATU
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu
  • Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio publikoaren erabilera %12,2 hazi da Nafarroan.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 26a
Ekainera arte luzatuko dira garraio publikoaren deskontuak Nafarroan. Infotuc

Nafarroako Gobernuak azpimarratu du laguntza hauek garraio publikoa "eskuragarriago" egitea eta "mugikortasun jasangarria" bultzatzea dutela helburu: "Ibilgailu pribatuaren alternatiba bat eskaintzeko, garraio publikoa sustatzeko eta familia nafarrei krisi energetiko eta inflazioaren eragina arintzen laguntzeko".

Eta 2025eko bigarren seihilekotik aurrera zer? Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak garraio publikoa sendotzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko "neurri gehigarriak" ezarriko dituela iragarri du. Horrela adierazi du ministerio horretako zuzendari Berta Mirandak: “Garraio publikoa funtsezkoa da familia nafarrei laguntzeko eta etorkizun jasangarriago bat lortzeko”.